35 urtean gainditu gabeko Euskal Herriko errekorrak ditu Blanca Lacambrak

2022.03.25 | Atletismoa, Emakumeak, Errekorrak

1986an egindako 200 metro zein 400 metroko markak ez ditu inork gainditu.

Blanca Lacambra (Donostia, 1965), 35 urtetan gainditu ez diren Euskal herriko errekorrak ditu, atletismoko 200 metro zein 400 metro aire librean, hain zuzen ere. Lehena Bartzelonan lortu zuen 1986ko uztailaren 16an, 23,58 denborarekin. Bigarrena Madrilen hilabete lehenago, 1986ko ekainaren 20an, 51,53 denbora eginda.

Harrezkero Euskal Herriko inork ez ditu marka hauek gainditu. Eta erregistroak daudenetik, emakumezkoetan gainditu ez diren errekor zaharrenak dira, Maite Zuñigak 800 metrotakoan 1988an eta 1.500 metrotakoanan 1992an lortutakoak hurbiltzen bazaizkio ere.

Egun, Gasteizen bizi den atleta ohi honek oroimen on asko eta bi belaunetan endekapenezko artrosia ditu garaiko kirol jardunaren ondorioz. Atletismotik urrunduta badago ere, ez du kirola baztertuta. Gasteizko Body Chronos-en aritzen da lanean eta Yogaz aparte, era ezberdinetako ikastaroak eman izan ditu. Atleten entrenatzaile personal gisa ere aritzen da. Ez da elkarrizketa emate zalea, eta eskertzen diogu guri eman izana.

Egun on, 35 urte igaro dira atletismoko Euskal Herriko errrekorra lortu zenuela 200 eta 400 metrotan. Errekorra hautsi gabe denbora gehien pasatu den marka da zurea. Nola gogoratzen duzu?

Aspaldiko kontua da, baina nire lehen oroitzapenak lorpen horien atzean dagoen lana eta esfortzura eramaten nau. Harrotasun pixkat ematen dit errekorra neurea izatea oraindik, baina egia esan, beti esaten dugu tituluak gordetzeko direla, baina errekorrak hausteko. Eta benetan izugarrizko poza emango lidake norbaitek nire errekorra hautsiko balu.

Zer balorazio egiten duzu?

Ez dakit, alde batetik marka ona egin nuenaren seinalea da, baina bestetik, uste dut atletismoak pairatzen duen laguntza eta babes eskasiaren islada ere badela. Urte hauetan futbola nagusitzen joan da, eta atletismorako infraestrukturak, bekak, laguntzak eta abar ez dira bideratu. Nolabait esateko “ahatetxo itsusia” da atletismoa eta horrek gero ondorioak ditu. Izan ere, Euskal Herrian oso atleta onak atera dira, batzuk olinpikoak ere, baina ez dirudi behar adina laguntza eta infraestruktura dagoenik. Eta orain 35 urte lortutako errekorrak hautsi gabe daude. Benetan ilusio egingo didala hausten dituztenean.

Zu atleta profesionala zinen?

Kasualitatez hasi nintzen kirol honetan Reyes Catolicos ikastetxean, Gasteizen, eta egia esan profesional izatera iritsi nintzen. Beka batzuk lortu eta Madrilera joateko aukera izan nuen. Ogibide izan nuen baina bere neurrian, egunean bizitzeko aukera izan nuen, besterik gabe.

Oro har laguntza gutxi daude. Euskal Autonomia Erkidegoan beste lekutan baina gehitxoago agian, baina hala ere oso gutxi. Bartzelonako Joku Olinpikoen garaiaz aparte (orduan bai egon ziren laguntzak), orohar ez da babes handirik izan.


Ez zara elkarrizketa emate zalea, publikoan ateratze zalea, baina emakumeen kirola sustatzeko kanpainetan ikusi zaitugu.

Bai egia esan, horretarako beti prestatzen naiz. Nire aletxoa jarriko dut zalantzarik gabe plaza horretan.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!