Bi ultrafondistek Parisetik Euskal Herrira ekarri dute bizikletaz Drand Départ Pays Basque 2023 ekimenaren garaikurra

2022.07.27 | Erronkak, Txirrindularitza

Ziortza Villak eta Julian Sanzek ederto osatu dute sekula ikusi ez den dimentsio eta konplexutasun haundiko kirol erronka hau, Paris eta Bilbo lotzen dituen ia 1.000 kilometroak 48 ordu baino gutxiagoan eginda

Argazkiak: bilbao.eus

 

Tradizioak adierazten duenez, Eliseo Zelaietan lasterketa amaitu ondoren, hurrengo egoitzak lekukotza hori irudikatzen duen garaikurra hartzen du. Orain arte, truke hori Frantziako hiriburuan egiten zen, eta garaikurra helmugara eramaten zen ohiko bideetatik, hegazkinez edo autoz, esaterako.

Baina oraingo honetan erabat desberdina izan da, Tourreko garaikurra Parisetik Euskal Herrira bizikletaz ekartzeko erronka antolatu dutelako Grand Départ Pays Basque 2023 ekimenean parte hartzen duten zazpi erakundeek eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioak.

Ziortza Villa eta Julian Sanz, eskarmentu handiko ultrafondistak biak, izan dira erronka honen protagonistak. Bi txirrindulari hauek Eliseoko Zelaietan jaso zuten garaikur hori, uztailaren 24an, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eskutik, honek Sophie Hæstorp Andersen Kopenhageko alkatearen eskutik jaso ondoren, eta ia gelditu gabe ekarri dute Bilbora, bizikleta gainean.

Julian Sanz eta Ziortza Villa ultrafondista sendoak dira. Hanketan kilometro asko dituzte erresistentzia-erronketan, eta ahalegin hori dedikazioz prestatu dute. Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren laguntzarekin, ibilbidearen zatirik zailenak aldez aurretik ezagutu dituzte, eta estrategia bat ezarri dute, mimoz prestatu den erronka gainditu ahal izateko.

Ziortza Villa erreferente bat da emakumezkoen txirrindularitzan, dedikazio eta ahalegin handia eskatzen duen modalitate batean, XXI. mendearen hasieran arreta gutxi eskaintzen zitzaiona. Txirrindulari bilbotarrak lorpen handiak ditu bere palmaresean: 24 orduko Europako txapelduna izan zen, baita ere hiru aldiz 12 orduko Europako txapelduna. Sasoi betean heldu da, 300 kilometroko Race Across Italy lasterketan garaipena lortu ostean.

Julian Sanz Euskadiko ultrafondo proben aitzindarietako bat da. Julian asko mugitu da eta bere bidea egin du erresistentziaren mundu honetan, babesleak bilatuz eta energia kopuru izugarria eskainiz. Bere palmaresean, ultradistantziaren proba nagusitzat jotzen den Amerikako Race Across-eko lau partaidetzak nabarmentzen dira, Estatu Batuak kostalde batetik bestera zeharkatzen duen proba. 5.000 kilometro hamar egun baino gutxiagotan. Gainera, Madril-Gijón-Madril 1.200 kilometroko lasterketa gogorra ere irabazi du eta bigarren izan zen 2012an, bizikletan egiten den Le Mans-eko 24 orduetan.

Parisetik irten ziren pasa den igande arratsaldean, Parisko Eliseo Zelaietatik eta behin Euskal Herrian sartuta, Iparraldetik Irunera joan eta 9:50 aldera iritsi ziren Donostiara, jarraian Deba eta Bergara atzean utzi eta Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazara iristeko. Ondoren, Amorebieta-Etxanoko Udaletxe plazara bidean, Legutio, Otxandio, Dima eta Lemoatik ere igaro ziren. Galdakao zeharkatu ondoren, Bilbora ailegatu ziren astearte honetan, hilak 26, hartara arrakastaz burutu dutelarik inoiz ikusi ez den kirol erronka hau, Paris eta Bilbo lotzen dituzten ia 1.000 kilometroak 48 ordu baino gutxiagoan osatuz.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!