Argazkia: @OndarroaAE
Pasa den larunbatean, urriak 15, Abaltzisketa-Txindoki erronka lehiatu zuten hiru ondarrutarrek (Ioana Osa, Jon Feijoo eta Txomin Bustindui), bere garaian Jon Zubizarreta, Iñaki Gorostidi eta Mikel Senperenak ezarritako 51:18ko marka hobetzeko asmoz.
2009. urtean burutu zen erronka hori, Jabi Lasa aizkolariak Abaltzisketako herriari botatako erronka batengatik: “Ez dago Abaltzisketan bat, ezta hiru herritarrik, nik baino denbora hobean ibilbidea osatuko duenik”. Hiru herritar erreleboka beste baten aurka, Abaltzisketatik Txindokiko tontorrera zein lehenago iritsi zen erronka beraz.
Hortik abiatuta, Jon Zubizarreta, Iñaki Gorostidi eta Mikel Senperena Abaltzisketako herritarrek erronkari eutsi zioten. Bakoitzak ibilbidearen zati bat eginda, Jabi Lasak botatako erronka irabazi zuten. Txindokiko gailurra jo zuten, Lasak baino 2 minutu eta 43 segundo lehenago.
Aurtengo lehia ordea, Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatearen eta Iñigo Toña ondarrutarraren arteko apustu batetik abiatu da, lagunarteko harremanean apustu bat egin zutelarik: Ondarroa Arraun elkarteak lehen mailan mantentzea lortuz gero, Arraun Elkarteko bandera ezarriko zuten Abaltzisketako Udalean. Apustua irabazita, Abaltzisketako herriaren eta Ondarroako Arraun Elkartearen arteko senidetza burutu zen larunbatean. Hortik abiatuta, mendi erronka berriro egiteko eskaintza etorri zen, eta onartu egin zuten.
Abaltzisketatik Txindokirainoko 6,2 kilometro eta 976 metroko desnibela duen ibilbidea burutu behar zuten hiru ondarrutarrek, abaltzisketarrek egin bezala, ibilbidea hiru zatitan banatu zutelarik.
Lehen kilometroak Ioana Osak egin zituen eta lehen erreferentzien arabera minutu bat galtzen bazuten ere, Jon Feijooren erreleboak markak parean jarri zituen. Azken zatian Txomin Bustinduik egindako esfortzuari esker lortu zuten minutu bat eta hamabost segundotan jaistea errekorra. Hori bai, galtzaileek aurreratu dutenez erronka errepikatu nahi dute, eta ondarrutarrek ezarritako 50 minutuko eta hiru segundoko denbora hobetzen saiatu.
Egun berezia izan zen larunbatekoa, izan ere, erronkaz aparte, Herriko Etxekoandreen Eguna ospatu zuten lehen aldiz, eta beraiei omenaldia egiteko baliatu zuten. Lehenbizi Mikel Lasarte azpiroztarrak motozerrarekin etxekoandre baten egurrezko eskultura amaitu zuen herriko plazan. Ondoren, eskulturari zapia jarri zion herriko emakume helduenak, 95 urte dituen Maria Dolores Matxainek eta ondoan elkartu ziren herriko emakume ugari argazkia ateratzeko.
0 Comments