Argazkia: Bidasoa Atletiko Taldea
Iker Arozena (Hondarribia, 2001), oso gazte, 10 urterekin hasi zen egun jarraitzen duen klubean, BATen (Bidasoa Atletico), atletismo egiten. Hasieran proba konbinatuak egiten zituen, alegia, denetik, baina azken 3 urteotan luzeran espezializatu da eta errekorrak pilatzen doa urtetik urtera.
2022a oso urte ona izan zen Iker Arozenarentzat (txapeldun bikoitza 23 urtez azpiko kategorian eta brontze absolutua), eta 2023an ere bere garapena berresten hasi da.
Denboraldi hasiera oparoa izaten ari da ba Iker Arozenarentzat. Duela aste batzuk 60 metroko proban marka ederra erdietsi ostean (7 segundotik jaitsita), joan den asteburuan Zizurren lehiatu zen luzeran, non Euskal Herriko errekorra ondu zuen, pista estalian.
Pasa den larunbatean, urtarrilak 7, Zizurren lehiaturiko parte hartze libreko proba batzuetan, hondarribitarrak 7,67 eta 7,75eko bi jauzi luze egin zituen, hau da, Euskal Herriko errekor berriak, ez bakarrik bere 23 urtez azpiko kategorian, baita absolutuen mailan ere.
7.75ko markarekin, Super Amara BATeko atletak 1985etik Javier San Adrianek zituen maila absolutuko eta 23 urtez azpikoen errekorrak (7.66an) bi aldiz gainditu zituen. Bere bosgarren ahaleginean 7.67ko jauzia egin zuen eta seigarrenean 7.75raino joan zen.
Gogoratu beharra dago, dagoeneko 2022ko denboraldian aire libreko errekorra kendu ziola San Adriani (7.77koa 1986koa), izan ere, pasa den maiatzaren 28an Logroñon 7.77 eta 7.81ko bi jauzi egin zituen, azkeneko marka horrekin Euskal Herriko luzera jauziko errekor berria ezarri zuelarik.
0 Comments