Argazkia: ehmendierronka.eus
Pasa den larunbatean, Euskal Herria Mendi Erronkaren IX. edizioa lehiatu zen, antolatzaileek dioten bezala, «euskal mendizaletasuna, mendi lasterketa, lurraldetasuna, ofizialtasuna, Plazaola natur bidea eta euskara sustatzea» helburu duen mendi lasterketa.
Edizio honek ere bi modalitate izan zituen: batetik 67 kilometro eta 7.200 metroko desnibela duen lasterketa, eta bestetik, errelebo lasterketa. Kasu horretan, lehenbiziko lasterkariak Leitzatik Putzuzarreraino egin behar zuen (32,8 km eta 4.700 metroko desnibela), eta bigarrenak Putzuzarretik Leitzarainoko zatia (34,2 km eta 2.194 metroko desnibela). Ibilbideko punturik altuena Irumugarrieta izan zen (1.431 m) eta ibilbide osoan, helmugaz gain, bederatzi anoa gune jarri zituzten.
Orotara, 560 bat lasterkari batu ziren herriko plazan, eta emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra nagusitu zen (7.54.59). Sara Peña korrikalari oriotarra sailkatu zen bigarren (8.28.24), eta Uxoa Irigoien getariarra hirugarren (9.20.47).
Lasterketa irabazteaz gain, 2016tik Oihana Kortazar korrikalari elgetarrak zuen errekorra hautsi zuen, hiru segundogaitik, eta lasterketan lehiatu zuten Irumugarrietako kilometro bertikalean ere bizkorrena izan zen.
Gizonezkoetan berriz, Ander Iñarra lezoarra izan zen garailea, sei ordu, 34 minutu eta 23 segundo behar izan zituelarik helmugaratzeko. Denbora horrekin, hark ere probako errekorra hautsi zuen, Daniel Agirrek 2015etik zuen marka hautsita (6.42:59). Iñaki Olano altzotarra izan zen bigarren (6.38: 37) eta Aritza Craamer leitzarra hirugarren (6.59: 14). Kilometro bertikalean ere nagusitu zen Iñarra, 54:54ko denborarekin.
Aurten Errigora omendu zuten, «Euskal Herriaren izena eta izana zabaldu, sendotu eta errotzeagatik egiten duen ekarpenagatik». Antolatzaileen hitzetan, «Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora, eta bete-betean egiten du bat EHMEren izaerarekin eta balioekin».
SAILKAPENA
Gizonezkoak
1 IÑARRA OLAZIREGI, ANDER 6:34:23 LEZO
2 OLANO ORBEGOZO, IÑAKI 6:38:37 ALTZO
3 CRAAMER LIZARRAGA, ARITZA 6:59:14 LEITZA
4 BERRIZBEITIA APELLANIZ, PELLO 7:08:00 EIBAR
5 AMATRIAIN ARRAIZA, RAUL 7:13:08 UITZI
6 LEGORBURU ISASTI, IRAITZ 7:21:09 GETARIA
7 RAJADO BARBERENA, ASIER 7:22:20 ANDOAIN
8 OLALDE BERASALUZE, IGOR 7:24:23 ARETXABALETA
9 SAINZ CANO, JOSE RAMON 7:34:06 BILBAO
10 AGIRREZABALA ITURRALDE, IBAN 7:34:31 BERASTEGI
Emakumezkoak
1 AZKORBEBEITIA URIZAR, OIHANA 7:54:59 ABADIÑO
2 PEÑA LIZARRALDE, SARA 8:28:24 ORIO
3 IRIGOIEN ODRIOZOLA, UXOA 9:20:47 GETARIA
4 AZPIAZU ECHABE, NEREA 9:48:56 AZPEITIA
5 OCHOA DE ALDA ZUDAIRE, AMAIA 9:57:56 DONOSTIA
6 ZABALA OSTOLAZA, JOSUNE 10:01:10 ZARAUTZ
7 MARTIN PAYO, BARBARA 10:07:35 ZUMARRAGA
8 PEDRERO SALAZAR, VANESSA 10:15:27 ZUMAIA
9 GOROSTIOLA VIDAURRAZAGA, LIDE 10:17:05 LARRABETZU
10 BASTERRA FERNANDEZ, MAIALEN 10:17:27 GERNIKA
Errekorrak
67km gizonak: Ander Iñarra Olaziregi (2023) 6:34:23
67km emakumeak: Oihana Azkorbebeitia Urizar (2023) 7:54:59
KB gizonak: Iker Karrera (2015) 0:43:25
KB emakumeak: Izaskun Zubizarreta (2015) 0:49:49
Erreleboetako lasterketa (2022): Oihana Zubillaga Blanco eta Hodei Lujanbio Apezetxea 6:50:59
0 Comments