Marcello Ugazio, itsas mailatik Mont Blanc-eko gailurrera hegan

2023.08.21 | EHKM, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Mendia

Bizikletan eta oinez zein korrikan eginiko jardueran, italiarrak 14 ordu eta 42 minutuko marka berria ezarri du, aurrekoa bi minututan onduz

Argazkia: @marcello_ugazio

 

Marcello Ugazio trail running-ean espezialista handia da, baina mendian korrika egiteaz aparte ederki moldatzen da ere bizikletaren gainean, eta dohai horiek baliatuz, italiarrak bi modalitateak uztartu ditu erlojupeko berezi batean errekor berri bat ezartzeko: itsas mailatik Mont Blanc-eko tontorrerainoko (4.810 m) ibilbidea 14 ordu eta 42 minutuko denboran egin berri du. Aurreko errekorra, Nico Valsesiak zuena, ia bi orduan ondu du.

27 urteko italiarra ondo baino hobeto moldatzen da izaera horretako erronketan. Mendiko lasterketetan hainbat titulu izateaz gain, Monte Rosan (4.634 m) ere antzeko errekorra du. Bi errekor handi Alpeetako bi mendi handitan, alegia.

Mont Blanc-en arrakasta izateko, Ugaziok lan eskerga egin behar izan du azken hilabeteotan. Eskarmentua eta sasoia bikain lotu ditu. Eta batez ere, entrenamendu espezifikoak egin behar izan ditu “Bike+Sky” binomio horretan eraginkor izateko.

Joan den hilaren 8an, lehen urratsak egin zituen. Goizeko 8etan, Genova Voltritik bizikletan irten zen. Turchino mendatea gainditu, Po harana zeharkatu eta Aostako ibarretik Corurmayeur herrira (1.224 metro) heldu zen. Bizikleta uzteko, beste sekzio gogor bat igo behar zuen; hots, Combal lakura (1.959 metro) eraman zuena. Denera, 320 kilometro egin zituen.

Jarraian, bizikleta utzi eta mendiko zatiari ekin zion. Aurretik 16 kilometro zituen Mont Blanc-eko tontorra zapaltzeko. Miage glaziarra zeharkatu eta Gonellako aterpera (3.071 metro) iritsi zen. Dome glaziarra, Bionnassay lepoa eta ohiko bide frantziarretik jardueraren puntu gorena lortu zuen 14 ordu eta 42 minutuko lan gogorra egin eta gero.

Amaitzeko, kirolari italiarrak aurreratu du, antzeko errekor bat egiten saiatuko dela fisikoki osatu bezain pronto, oraingoan Marokoko mendi garaienean, Toubkal mendian (4.167 m).

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!