Abebe Bikila, oinutsik hegan egiten zuen etiopiarra

2023.10.23 | Atletismoa, EHKM, Errekor mundialak, Errekorrak

Duela 50 urte hil zen korrikalariak 1960ko Joko Olinpikoetan Afrikarako lehen urrea lortu zuen, maratoia oinutsik korrika egin ondoren. Munduko errekorra hautsi egin zuen orduan; lau urte beranduago, Tokion garaipena eta errekorra errepikatu zuen

Argazkia: Wikipedia

 

Abebe Bikila (Jato, Amhara, 1932ko abuztuaren 7a – Addis Abeba, 1973ko urriaren 25a) Etiopiako herrixka bateko ahuntzain baten semea zen. 17 urterekin Addis Abebara joan eta Haile Selassieren Guardia Inperialean sartu zen. Korrikan berandu hasi arren, Onni Niskanen suediar prestatzailearen laguntzaren, 1960ko Olinpiar Jokoetako maratoian aritzeko entrenatu zen.

28 urte beranduago beraz, 1960ko irailaren 10ean, Abebe Bikila etiopiarrak historia egin zuen maratoi olinpiko bat irabazi zuen Saharaz hegoaldeko Afrikako lehen gizona bihurtu zenean. Garaipena berezia izan zen oso, ikusgarria, emozioz beteta: oinutsik korrika egin zuen eta. Rhadi ben Abdesselam marokoarra izan zuen lehiakide nagusia eta, lasterketako azken 500 metrotan, esprintatuz aurreratu zuen Abebe Bikilak. Lasterketa irabazteaz gain, munduko errekorra hautsi zuen, 2:15:16.2 denborarekin.

1964ko Tokioko Olinpiar Jokoak hasi zirenean, bere egoera fisikoa nahiko ahulduta zegoen, apendizitisaren ebakuntza egin baitzioten maratoia lehiatu baino sei aste lehenago, eta horrek eragina izan zuen proba horretarako entrenamendu-programan. Hala ere, Bikilak historia egin zuen berriro, berriz urrea irabazi zuenean. Hori bai, zapatilak zeramatzan. Hala, diziplina horretan urre olinpikoa mantentzea lortu zuen lehen atleta bihurtu zen, eta, gainera, berriro hautsi zuen denbora-errekorra. Bere kirol-ibilbidean, beste hamabi lehiaketa irabazi zituen.

1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan aldiz, altitudeak erasan zion Bikilari, eta, ondorioz, proba utzi behar izan zuen 17 kilometro egin ondoren. Handik gutxira, zoritxarrez, 1969an izan zuen auto-istripu baten eraginez, paraplejiko gelditu zen. Gorputzaren goiko aldearen mugikortasuna berreskuratzea lortu zuen, baina ez zen gehiago ibiltzeko gai izan. Municheko Jokoetara gonbidatu zuten, eta gurpil-aulkitik ikusi zituen. Irudia ere, hunkigarria oso. Urtebete geroago, istripuaren ondorioek eragindako garuneko hemorragia baten ondorioz hil zen Abebe Bikila.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!