Argazkia: Ager Solabarrieta
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola bigarren urtez jarraian lortu dute urrezko domina (duela urtebete Arabiar Emireri Batuetan ere urrea golkoratu zuten), Liman (Peru) jokatzen ari den Munduko Tiro Txapelketan. Hori gutxi ez, eta munduko errekorra hautsi dute ikusmen urritasuna duten pertsonen karabinako hamar metroko zutikako modalitatean.
Aurreneko urrezko domina pasa den astelehenean eskuratu zuten, etzandako 10 metroko tiroan. Ondarrutarrak sailkatze txanda erakutsitako nagusitasuna berretsi zuen final handian eta ez zuten aurkaririk izan. 621 punturekin aurreko txandako bere marka pertsonala (620,9) hobetu zuen eta guzti euskal tiralariak. Bigarren Fran Skracic kroaziarra izan zen eta hirugarren Katarzyna Orzechowska poloniarra izan zen.
Hiru egun geroxeago, hilaren 25ean, ondarrutarrak bigarren urrezko domina irabazi zuten, karabinako hamar metroko zutikako modalitatean. Solabarrieta finalerako sailkatu zen aurretiaz lehiaturiko sailkapen proban 597.6 puntu lortu ostean, marka horrekin munduko errekor berria ezarri zutelarik.
Finalean, azken txanpara berdinduta iritsi arren, Maite Badiola emaztea gidari zuela, Solabarrieta fin ibili zen azken tiroetan. Horietako batek, hain zuzen ere, dianaren erdi-erdia jo zuen, eta 10,7 puntu bereganatuta, urrezko domina irabazi zuten, aurkari guztiak gaindituta. Azkenean, Solabarrietak eta Badiolak 214,1 punturekin lortu zuten lehen postua, bigarren Barbara Moskal poloniarra izan zen 211 puntugaz eta hirugarren Fran Skracic kroaziarra 189,6 punturekin.
Erretinosi pigmentarioak jota, Ager 2015etik ari da nazioartean lehiatzen. Itsuek eta ikusmen-urritasun handia dutenek tiro olinpikoa egin ahal izateko, aire konprimituko karabina bat erabiltzen da, 5 kg pisatzen duena, eta mira teleskopiko berezi batez hornituta dagoena. Begi-puntu honek argia soinu bihurtzen duen zirkuitu elektroniko bat dauka. Xedearen gaineko argiaren intentsitatearen arabera, soinu-intentsitateko tonu bat emango da. Begi-puntu teleskopikoak argiaren isla jasotzen du dianatik, horrela, jaurtitzaileak, erabiltzen dituen entzungailuetan, dianaren kokapenaren inguruko «laguntza» senti dezake. Oso modalitate teknikoa da, errepikapen askotan oinarritua, eta gorputzaren kokapena eta arnasketa oinarrizkoak dira.
0 Comments