Ainitze Zumetak errekorra ezarri du Uliako Harrian

2023.08.16 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Harri-jasotzea, Herri kirolak

Zarauztarrak hamazazpi altxaldi egin zizkion 70 kiloko harriari, iazko garaileak, Karmele Gisasola, egindako hamasei jasoaldiko marka hautsiz

Argazkia: donostiakultura.eus

 

Uliako harria 2022. urteaz geroztik izen bereko 70 kiloko oboide eiteko harri irregularrarekin Donostiako Trinitate enparantzan eta Aste Nagusiaren baitan ospatzen den harrijasotze proba da. Igeldoko harriarekin batera jokatzen da, hura gizonezkoek eta Uliako harria emakumezkoak.

Iazko aurreneko ekitaldian 10 harrijasotzailek hartu zuten parte eta azkenean Karmele Gisasola “Zelai III”a nagusitu zen 16 altxaldi gauzatuta, haren atzetik Ainitze Zumeta (13 altxaldi) eta Lierni Osa (12 altxaldi) sailkatu zirelarik, hurrenez hurren.

Iragan berri den larunbatean berriz, txapelketaren bigarren edizioa lehiatu zen, bertan zortzi parte-hartzaile aritu zirelarik: Karmele Gisasola (Mallabia), Ainitze Zumeta (Zarautz), Ane Zinkunegi (Usurbil), Aroa Sanchez (Orio), Lierni Osa (Zarautz), Olaia Esnaola (Azpeitia) eta Udane Ostolaza (Orio).

Azkenean, Zumetak hamazazpi altxaldi egin zizkion 70 kiloko harriari. Hala, proba irabazteaz gain, errekor berria ere ezarri zuen —iazko garaileak, Karmele Gisasolak, hamasei jasoaldi egin zituen—. Hamalau altxaldirekin hiru harri jasotzaile geratu ziren: Lierni Osa, Ane Zinkunegi eta Olaia Esnaola. Araudiak hala zehaztuta, jasoaldi kopuru bera egiten dutenean, pisu gutxiena duenari ematen zaio lehentasuna. Hori dela eta, Osak eta Zinkunegik osatu zuten podiuma.

Zumetak oso kadentzia sendoa eraman zuen proba osoan zehar, Izetak, bere prestatzaileak, denborak markatzen zizkion bitartean. Zarauztarra irteten azkena izan zen eta bere lana hasi aurretik hiru partaide 14 jasoaldirekin berdinduta zeuden: Lierni Osa, Olaia Esnaola eta Ane Zinkunegi, ordena horretan. Osak bere burua irabazle ikusi zuen amaierara arte, baina Zumetak lan bikaina eginda garaipena eskuratzea lortu zuen.

Iazko irabazleak, Karmele Gisasolak, ez zuen egun ona izan, 13 jasoaldi egin zituen, iaz baino hiru gutxiago, eta bosgarren izan zen. Aroa Sanchezek, seigarrenak, 12ko marka berdindu zuen eta zazpigarren postuan Udane Ostolaza geratu zen 11rekin. 17 urteko oriotarra zen harriak pisatzen duen 69,600 kilotik jaisten zen bakarra, eta merezitako txalo zaparrada jaso zuen, azken postuan geratu arren.

SAILKAPENA

  1. Ainitze Zumeta: 17 altxaldi
  2. Lierni Osa: 14
  3. Ane Zikunegi: 14
  4. Olaia Esnaola: 14
  5. Karmele Gisasola: 13
  6. Aroa Sanchez: 12
  7. Udane Ostolaza: 11

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!