35 urteko errekorra hautsi du Asier Fernandezek

2023.06.27 | Atletismoa, EHKM, Errekorrak, Errrekor berria

Gipuzkoako errekor absolutoa hautsi du lezoarrak 100 metrotan, 10.38ko denbora eginda, 1988. urtean Valentin Rocandiok egindako marka (10.45) hobetuz

Argazkia: @OrdiziaMeeting

 

Asier Fernandez Mindegiak Gipuzkoako 100 metrotako errekor absolutoa hautsi zuen birritan ordubete baino gutxiagoan

 

Pasa den larunbatean, Ordizian, VII. Ordizia Meeting-ean, arratsaldeko 19:24etan, gizonezkoen 100 metroetako laugarren finalaurrekoari eman zitzaion irteera, non Asier Fernandezek garaipena eskuratu zuen 10.44ko markarekin (+1,9ko haizea alde), Gipuzkoako errekor berria eginda, izan ere, bere entrenatzailea den Valentin Rocandiok 1988ko uztailaren 16an ezarri zuen 10.45ko errekorra gainditu zuen.

Handik gutxira, 20:20ean, +0,9ko aldeko haizearekin, proba bereko finalari irteera eman zitzaion. Asier ondo atera zen eta gora egin zuen, azkenean hirugarren postuan sailkatu zelarik, Harlyn Angel Perez Acostaren (10.19, meetingaren errekorra) eta Benjamin Richardsonen (10.20) atzetik, 10.38ko denbora egin zuelarik, arestian lorturiko errekorra berriro ere onduz.

Bere aurreko markarik onena, 10.65, 2022ko uztailaren 13koa zen eta Santanderren egin zuen. Joan den igandean berriz, Euskadiko Txapelketa Nagusian, 200 metroak irabazi zituen 21.06rekin.

Lezoko atletak 25 urte beteko ditu uztailaren 30ean, eta bere hastapenetan abiadura probak eta lasterketa herrikoiak egiten zituen. Bere bilakaera ikusita, esan daiteke Orkatz Beitiaren Euskal Herriko errekorra (10.34, 2002ko ekainaren 20koa, Salamancan) arriskuan dagoela, izan ere sekulako maila duela berresten ari da Asier Fernandezek.

SAILKAPENA

  1. Haryl Angel Perez Acosta (1995/07/02) Grupompleo Pamplona At 10:19
  2. Bengamin Richardson (2003/12/19) SUD1 10:20
  3. Asier Fernandez Mindegia (1998/07/30) Real Sociedad 10:38
  4. Kesi Oludoyi (1998/09/02) GBR1  10.39
  5. Manuel Palanco Lorenzo (1998/04/07) Alcampo Scorpio 71  10.53
  6. Daniel San Juan Banko (2003/03/13) Barrutia A.E.  10.67

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!