Asier Martinezek brontzezko domina irabazi eta bere bizitzako markarik onena lortu du

2022.07.19 | Atletismoa, EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak

13.17 segunduko denboran helmugaratuta, Euskal Herriko errekor absolutoa zein 23 urtez azpikoa erdietsi ditu 22 urteko nafarrak

Argazkia: RFEA

 

Betidanik ohikoa izan da Zizurko Martinez-Etxartetarren etxean korrika egitea, izan ere, Jesus eta Elena, Asierren gurasoak, atletismoan aritutakoak dira: aita, atleta afizionatu ona; ama berriz, hesilari bikaina.

Asierren lehen afizioa altuera jauzia izan zen baina ondoren listoia metro bat jaitsi eta amaren urratsak jarraitzea erabaki zuen. Nerabezaroa igarota, eta marka onekin, Asier Martinezek nazioartean lehiatzeari ekin zion, 2019ko 20 urtez azpiko Europako Txapelketan debuta egin zuelarik.

2021ean 23 urtez azpiko zein maila absolutoko  110 metro hesidunetako Euskal Herriko errekorrak erdietsi zituen, 13.22ko kronoarekin, bide batez Tokioko Joku Olinpikoetan seigarren postuan geratu zelarik.

Oraingoan, azken egunotan Eugenen (Oregon) lehiatzen ari den atletismoko Munduko txapelketan parte hartu du nafarrak. Lehenengo sailkapen korrikaldia irabazi zuen Asierrek erakustaldia emanda eta finalaurrekoetara sailkatu zen 13.37ko denbora eginda. Finalerdietako saioan berriz, bere serieko bigarrena izan zen 13.26ko denborarekin (urteko bere markarik onena), aurretik Trey Cunningham (13.07) estatubatuarra sailkatu zelarik.

Azkenik, Atletismoko Munduko txapelketako asteleheneko jardunaldian, brontzezko domina irabazi zuen 2000. urteko apirilaren 22an jaiotako zizurtarrak, inoizko bere markarik onena erdietsita: 13.17. Grant Holloway (AEB) izan zen irabazlea (13.03) eta Trey Cunningham bigarren geratu zen (13.08). Asierren atzetik, Damian Czykier sailkatu zen (13.32).

Marka honekin, jadanik bereak ziren Euskal Herriko 23 urtez azpiko zein absoluto mailako errekorrak egin zituen Martinezek, 110 metro hesidunetan.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!