Azkorbebeitiak eta Zubizarretak hautsi dituzte Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren errekorrak

2023.05.8 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Mendi lasterketak

Guztira 550 korrikalari izan ziren lehian aurten, 65 kilometro eta 7.400 metroko desnibel metatua (3.700 goranzkoa) duen proban

Argazkia: domusateknik40mlk.com

 

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioa lehiatu zen pasa den larunbatean. Ultra distantziako Euskal Herriko Kopako bigarren proba izan zen Azpeitikoa, bere ezaugarriak honakoak zirelarik: 65 kilometro eta 7.400 metroko desnibel metatua (3.700 goranzkoa).

Azpeitian bertan abiatu eta bukatu, ibilbidea Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama herrietatik igarotzen da, baita mendi gailur hauetatik ere: Arroita edo Arauntza (612), Sañu (616), Gazume (1002), Hernio (1078), Murumendi (868), Izazpi (973), Hiruarrieta edo Samiño (933) eta Xoxote (912).

Guztira 550 korrikalari izan ziren lehian aurten. Horien artean, iazko lehen edizioko bi irabazleak, Aritz Egea urretxuarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra.

Antolakuntzak indar handia jarri du emakumezkoen parte-hartzea sustatzeko. Iazko datuei erreparatuta, jabetu ziren %8,5 bakarrik zela emakumezkoa eta iaztik hona parte-hartze hori bultzatzeko hainbat ekimen jarri dituzte martxan. Eta aurten, %5 hazi da emakumezkoen partaidetza.

Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra nagusitu zen (7.09.13), Larraitz Aragon durangarra (7.50.31) bigarren sailkatu zen eta Sara Peña korrikalari oriotarrak osatu zuen podiuma (8.13.01).

Azkorbebeitia hasieratik amaierara nagusitu zen eta, gainera, probako errekorra hautsi zuen, izan ere, iaz baino 8 minutu gutxiagoan egin zuen 65 kilometro eta 3.700 metro positiboko desnibela dituen lasterketako ibilbidea.

Gizonetan aldiz, Borja Zubizarreta azkoitiarrak irabazi zuen (5.53.33). Zubizarretak ere nagusitasunez lortu zuen garaipena, eta berak ere hautsi zuen probako errekorra. Ia zortzi minutu jan zizkion iaz Aritz Egea korrikalari urretxuarrak egindako denborari. Goar Lopetegui ibartarrak egin zuen bigarren (6.21.16), eta Marcos Ramos aragoiarrak hirugarren (6.29.55).

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!