Donostiako maratoia azaroaren 27an lehiatuko da, errekorren bila

2022.11.6 | EHKM, Lasterketak

Ana Isabel Alonsok 1995ean 2 ordu 26 minutu eta 51 segundoko denbora izugarriarekin orainarte iraun duen errekorra ezarri zuen. Gizonezkoen errekorra aldiz, 2002an erdietsi zuen Thimoty Cherigatek, 2 ordu, 9 minutu eta 34 segundoko denbora eginda.

Argazkia: zurichmaratonsansebastian.com

 

Sona eta historia haundiko proba da Donostiako Zurich Maratoia. Lasterketa azkarra da, eta milaka partaide biltzen dira bertan, esperientzia pertsonal paregabea bizi eta, aldi berean, munduko hiririk ederrenetako batez gozatzeko.

Donostiako Zurich Maratoia kirol, turismo eta herri festaren arteko bategitea da. Urteak igaro ahala hiriak gorriz markatu du lasterketa hau kirol ekitaldien egutegiaren barnean, eta, gaur egun, korrikalariei lasterketaren egunean bertan ematen dien laguntzan islatzen da berezitasun hori.

Donostiako Maratoiari buruz ari baldin bagara, 40 urtetik gorako historia duen lasterketa bati buruz ari gara; estatuan egiten direnen artean bigarren beteranoena da.

Donostiako Maratoiaren historia 1978ko urriaren 15ean hasi zen. Guztiaren sortzailea Rafa Puignau zena izan zen. Rafa atletismo zale amorratua zen. Europako lehiaketetan egona zen, eta liluratuta itzuli ohi zen esperientzia horietatik, hirian maratoi bat antolatzeko aukera otu zitzaiolarik. Orduan, talde zeharo amateur batek lanari ekin zion.

Lehen edizioko ibilbidea lau kilometroko itzuli bat eta 19ko bi ziren. Homologaziorako, gurpila erabili zuten, eta zeharo aldrebes atera zen, asfaltoa zuloz josita zegoen eta. Hurrengo edizioetan zinta metrikoa erabili zen. Lan handia eskatzen zuen sistema horrek. Ibilbidea Paseo Berritik igarotzen zen. Geroago puntu hori kentzea erabaki zen, olatuen indarragatik. Guztira 2.500 atleta inguruk hartu zuten parte, horietako asko oso gazteak.

Kirol materiala, oinetakoak, elastikoak… ez ziren oraingoak bezalakoak. Kontrola eskuz egiten zen, eta dortsala inprimatuta eramaten zen, kateorratzez kamisetan lotuta. Gero zapatilan lotutako txipa iritsi zen, eta gaur egun dortsalean bertan txertatuta eramaten da.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan ez zen ohikoa emakumeak running egiten ikustea, are gutxiago maratoi lasterketetan parte hartzen. Lourdes Gabarain tolosarra izan zen maratoi ofizial bat amaitu zuen lehen emakumezkoa. Lourdesek, adin nagusitasunera iritsi gabea bera, Bordeleko hiri frantsesean egin zuen debuta, eta 4 ordu, 51 minutu eta 32 segundoko denbora egin zuen. Rosi Talavera hernaniarrak, 17 urteko neskatxa zela, lehen edizioa irabazi zuen, 1978koa, eta 3 ordu eta 27 minutuko denborarekin garai hartako marka ondu zuen.

Emakumezkoen lehiak oso jauzi kuantitatibo nabarmena egin zuen. Une horretara arte, marka onenak Maria Luisa Irizar atleta andoaindarrak zeuzkan, hiru garaipen baitzituen jada zirkuituan, denbora onena 1987koa zuela (2:36:11). Bost urte behar izan ziren, Ana Isabel Alonsok marka ontzeko (2:35:34). Palentziarrak hirutan irabazi zuen, eta 1995ean 2 ordu 26 minutu eta 51 segundoko denbora izugarriarekin orainarte iraun duen errekorra ezarri zuen. Gizonezkoen errekorra aldiz, 2002an erdietsi zuen Thimoty Cherigatek, 2 ordu, 9 minutu eta 34 segundoko denbora eginda.

Aurtengo edizioan marka hoiek hausteko aukera hauspotzeko, antolatzaileek atleta afrikar talde bat kontratatu dute – etiopiarrak, kenyarrak eta eritrearrak, bai eta erbi marokoar bat ere –, bi gainmarkak hobetzeko gogoz. Ez da erraza izango, baina maila dute lortzeko. Haizea edo lasterketan zehar egingo duen tenperatura bezalako faktoreak ziur funtsezkoak izango direla helburua lortzen duten ikusteko. Zapatilen bilakaerak eta ibilbide aldaketak, printzipioz azken edizioetakoa baino hobea, lagunduko dute ere errekorrak ontzeko saiakeran.

IBILBIDEA

Zirkuitu berria! Erdigunekoagoa, turistikoagoa, azkarragoa eta lauagoa. Ezin hobea korrikalari gisa gozatzeko eta ikusleen berotasuna sentitzeko. Maratoia Hernani kalearen inguru pribilegiatutik aterako da, hiriaren erdi-erdian, udaletxearen eta Alderdi Ederreko lorategien ondoan. Lasterketak Boulevard etorbide enblematikoan izango du helmuga. Ibilbideak 3 bira ditu. Bira labur bat eta bi bira luze asimetrikoak izango dira. Lehenengo kilometroak hiriaren erdiguneko kale nagusietatik eta Urumea ibaiaren ondoko pasealekutik joango dira. Handik Askatasunaren hiribidetik Kontxa eta Antigua auzorantz joango da. Kontxako badiatik itzultzean, Amara, Anoeta, erdialdea eta Gros auzoetatik igaroko da lasterketa, eraikin enblematikoen aurretik pasatuz. Hala nola Vitoria Eugenia Antzokia, Anoeta estadioa, Artzain Onaren Katedrala, Kursaal edo Gipuzkoa Plaza. Hirugarren itzulia amaitzean, kilometro bat baino gehiago duen zuzengune zoragarriaz gozatu ahal izango duzu helmugara arte, gipuzkoarren beroak babestuta.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!