Egundokoa egin du Joseba Azkarate oñatiarrak Zumaiako Triatloian

2022.09.13 | EHKM, Erronkak, Gizonak, Igeriketa, Kirol Egokitua, Lasterketak, Txirrindularitza

Munduan ez dago halako tetraplejia graduarekin triatloi bat egin duen beste kirolaririk

Argazkia: triatlon.org

 

Pasa den larunbatean, Joseba Azkaratek lehenengoz egin zuen triatloi bat Zumaian. Federazioan baieztatu diote munduan ez dagoela halako tetraplejia graduarekin triatloi bat egin duen beste kirolaririk.

Egia da duatloietan badaudela tetraplegia duten kirolariak, ez Azkaratek daukan ezgaitasun mailarekin, baina badaude. Ez da ziurra munduan ba ote dagoen tetraplegia duen triatletarik, baina segurua dena da egotekotan ez daukala bere  gradu berbera.

Nazioartean muga funtzional handiena duen kirolaria da beraz, baina bere tetraplegia larriak (gorputzeko muskuluen % 13 bakarrik erabil dezake) ez zion triatloia amaitzea eragotzi: 750 metro igerian, 20 km handbikean eta 5 gurpil-aulkian.

Bizitza edozein unetan alda daiteke. Josebak ondo daki zirkulazio-istripu larria izan ondoren, zeinak muineko lesio larria eragin zion. Pilotari gisa ibilbide luzea egin ondoren, maratoiak, krossak eta BTT lasterketak korritzetik, bakarrik ezin janztera pasa zen.

Duela bost urte auto istripua izan zuenetik, Joseba Azkarate (Oñati, 1987) aurrerapausoak ematen joan da etengabe. Eta aurrerapauso horietako batzuk kirolarekin lotura estua izan dute. Hala, urteetako lanaren ostean, pasa den larunbatean, irailaren 10ean, oñatiarrak duatleta izateari utzi eta triatleta bilakatu zen. Alegia, 750 metro egin zituen igerian, 20 kilometro handbikean, eta bost kilometro korrika egiteko aulkian.

Lehenengo izan ziren Torreauzo edo Antxintxikakoa moduko herri krosak. Ondoren etorri ziren duatloiak, baina Zumaiakoa bere lehenengo triatloia izan da.

Duatloitik triatloirako jauzia ez da erraza izan, igeri egitea oso zaila baita berarentzat, eta trantsizioak zaildu egiten dira, baina laguntza talde handi bati esker Josebak balentria lortu zuen: triatloia amaitzea. Eta hain gogorra izan zen, non bertan behera uzteko asmoa ere izan baitzuen.

Azkenean, ordea, indarra atera zuen eta bostehun parte-hartzaile baino gehiago zituen proba bateko heroia bihurtu zen, Alfonso López taldekidearekin eta Higinio Riverorekin (Saiatu) batera. Hirurek jakin izan dute bizitzako gaitzei aurre egiten, eta kirolaren inklusibotasunaren alde egiten dute.

Triatloia amaitu ostean, Azkaratek eskerrak eman zizkien bere ondoan izan diren guztiei: Ainhoa Calleja entrenatzailea, Aitor Rementeria, arreba, Nielka, Xabi eta abar. Eta atzean dauden beste lagun asko.

Mundu mailan erreferentziazko datua ezarri du Azkaratek, ez dago-eta halako tetraplegia maila duen triatletarik.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!