Elena Silvestre eta Iraitz Arrospidek irabazi dute 24. Txingudi Korrika

2023.10.2 | EHKM, Errekorrak, Lasterketak, Markak

Hala ere, aurtengo bi irabazleak lasterketaren errekorretatik urruti geratu ziren eta ondorioz oraindik markarik onenak Sara Villasante (35:25) eta Unai Arroyoren eskuetan jarraitzen dute (30:52)

Argazkia: atletismobat.com

 

Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) eta Hendaiako Urpean elkarteak antolatzen duten Txingudi Korrika probaren 24. ekitaldia iragan larunbatean lehiatu zen, Hendaia eta Hondarribia artean, non guztira 460 kirolari aritu ziren (357 gizon eta 103 emakume).

Lasterkariek 10 kilometroko ibilbide bat osatu behar izan zuten, iaztik homologatua dagoena. Parte hartzaileak 16:30ean irten ziren Hendaiako Florida kaitik, Urpeanen egoitzaren aurretik. Hendaia gurutzatu ondoren, Irunera sartu ziren Santiago zubitik. Bertatik Kolon hiribidera jo zuten, eta Kolonera iritsi aurretik lasterketaren puntu gogorrenari egin zioten aurre lasterkariek: Iparralde hiribideko koskari. Kolon gurutzatuta, Hondarribirako bidea hartu zuten Mendeluko bidegurutzetik. Hondarribiko atletismo zelaiko pistan bukatu zen lasterketa.

Iraitz Arrospide eta Elena Silvestre faboritoak ziren eta ez zuten hutsik egin. Arrospide maratoi eta maratoi erdiko nazioarteko atleta da, eta maratoian bi ordu eta hamar minutuko marka onena du kirolari gipuzkoarrak. Silvestre ere atletismoko distantzia luzeko probetan da espezialista, eta bi ordu eta berrogei minutuko denbora onena du maratoian.

Iraitz Arrospidek, edizio honetako luxuzko gonbidatuak, nagusitasunez irabazi zuen 31 minutu eta 50 segundoko denborarekin. Iraitzek hasieratik amaierara gidatu zuen lasterketa eta Martin Iriondo (32:44) gaztearen aurretik helmugaratu zen. Podiuma Javi Mentak osatu zuen 33 minutu eta 10 segundoko denborarekin.

Elena Silvestrek, bere papera bete zuen eta lehen emakume gisa helmugaratu zen. 36 minutu eta 34 segundoko denbora egin zuen, bigarren sailkatuarekiko hiru minutu pasatxoko aldea lortu zuelarik, izan ere, Ane Zabala – etxeko atleta – 39 minutu eta 46 segundoan itxi zituen 10 kilometroak. Emakumezkoen podiuma Marina Gonzalezek osatu zuen 40 minutu eta 16 segundoko denborarekin.

Ohiko sarietaz aparte, iaz, 100 euroko sari bat sortu zuten lasterketako errekorra hausten duten gizon eta emakumeentzako. Hala ere, aurtengo bi irabazleak lasterketaren errekorretatik urruti geratu ziren eta ondorioz oraindik markarik onenak Sara Villasante (35:25) eta Unai Arroyoren eskuetan jarraitzen dute (30:52).

SAILKAPENA

Emakumezkoak

1 Elena Silvestre 36:34

2 Ane Zabala 39:46

3 Marina Gonzalez 40:16

Gizonezkoak

1 Iraitz Arrospide 31:50

2 Martín Iriondo 32:44

3 Javi Menta 33:10

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!