Argazkiak: cdfortunake.com
Fortuna Kirol Klubak 1999an berreskuratu zuen 1930ean Printzearen Pasealekuko eta 1931n Errepublikaren Pasealekuko zeharkaldia izenekin bataiaturiko antzinako proba. Gerra zibilak etenda, berriro ekin zitzaion ibilbideari, Amaikak Bat kirol-elkarteak antolatuta, Jose Antonio Pasealekuko zeharkaldia izenarekin, 1949tik 1971ra.
1999an Fortuna Kirol Klubak bere gain hartu zuen berriz ere Pasealeku Berriaren izeneko proba herrikoiaren antolakuntza, Donostian herri kirola bultzatzeko asmoz. Ibilbidea Zurriola hondartzan hasi eta Kontxako hondartzan amaitzen da, 2.959 metroko distantzia egin ondoren.
52. Paseo Berriko Igerialdiko aurtengo edizioa Donostiako Aste Nagusiaren barruan lehiatu zen pasa den astelehenean, hilak 15. Gizonezkoetan, Astigarragan bizi den Enaitz Goñi hernaniarrak lortu zuen garaipena sailkapen orokorrean, 36:54ko denborarekin. Erraz nagusitu zen Goñi, ia bi minutuko aldea atera baitzion bigarren sailkatuari.
Atzetik Ander Noain eta Peru Alfaro iritsi ziren, eta azken metroetan esprinta egin behar izan zuten. Azkenik, Noain nafarrak irabazi zuen bigarren postua 38.42ko denborarekin, Alfaro baino segundo bat azkarrago helmugaratuta.
Emakumezkoetan berriz, Juncal Cuñado izan zen irabazlea. 15 urteko donostiarrak debuta egin zuen proba absolutuan, eta Paula del Pozori irabazi zion azken esprint izugarri batean, 42.20ko denbora eginez.
Bi irabazleak probako errekorretik urruti geratu ziren, izan ere, 2003an C.N.Logroño klubeko Daniel Barrio Diazek egin zuen orainarteko markarik onena (0:32:48), eta 2014an XXI. Bidasoa taldeko Irati Mendia Garcia izan zen errekorra ezarri zuena, 0:35:54ko denborarekin.
2003 Daniel Barrio Diaz C.N.Logroño 0:32:48
SAILKAPENAK
Emakumezkoak
1 JUNCAL CUÑADO IRIGOIEN 00:42:20
2 PAULA DEL POZO BORRACHERO 00:42:23
3 IRATI MENDIA GARCIA 00:42:41
4 ITSASO TOLOSA LARRAÑAGA 00:49:00
5 ELENA HERNÁNDEZ MERCHÁN 00:49:39
Gizonezkoak
1 ENAITZ GOÑI SAIZAR 00:36:54
2 ANDER NOAIN LACAMARA 00:38:44
3 SERGIO NIETO PARDO 00:40:50
4 ANDER SEGUROLA ULI 00:41:55
5 HODEI ESCAMENDI AMUNARRIZ 00:42:21
0 Comments