Argazkia: ironman.com
Nicholas Kastelein australiarrak garaipen ikusgarria lortu du Gasteizko Ironmanean, Wurf herrikidearen eta Sowieja alemaniarraren aurretik.
Gironan bizi den txirrindulariak oinezko lasterketa hasi zuen bere herrikide Cameron Wurfengandik 13 minutu baino gehiagora. Desabantaila izugarria zen maratoiaren amaierako 42 kilometroei begira, eta, gainera, hamar bat atleta on zituen aurretik, gainditu beharrekoak.
Baina ezinezkoa zirudiena gauzatu zuen Kasteleinek. Cameron Wurfek bere nagusitasuna erakutsi zuen bizikletaren segmentuan baina handik aurrera atzetik zetozenekiko denbora galtzen joan zen etengabean, batez ere Aguayo valentziarrarekiko.
Hala ere, Aguayok eztanda egin zuen 33. kilometroa pasata, baina orduan beste mehatxu bat agertu zitzaion Wurferi, izan ere, Kastelein hegan ari zen eta desbantaila ziztu bizian irentsi zuen. 35. Kilometroan bigarren jarri zen herrikidearengandik 39 segundora eta 37. kilometroan jada lasterketaren buruan jarri zen kastelein, ondoren aldea ondo kudeatzen asmatu zuelarik helmugaraino.
Gainera, 2019. urtean Eneko Llanosek jarritako errekorra (7 ordu eta 57 minutu) hautsi zuen, 7:52:50ko denbora eginda. Atzetik, Cameron Wurf bigarren sailkatu zen 38 segundora eta hirugarren postua Dominik Sowieja alemaniarrarentzat izan zen, minutu bat eta 30 segundora.
Beste errekor bat ere eman zen Gasteizko proban, izan ere, kirol ekitaldiak 65 herrialdetatik iritsitako 2.500 atleta bildu zituen Arabako hiriburuan eta, horrenbestez, proba honetako parte hartze errekorra lortu zen.
0 Comments