Eneko Otañok eta Aitzol Atutxak irabazi dute Ramon Latasa Memoriala

2022.08.14 | Aizkora, EHKM, Errekorrak, Erronkak, Herri kirolak

Ramon Latasa, historiako aizkolari onenetakoa eta erronkazale zein errekor ezberdinen jabearen oroimenez antolatzen den herri kirol jaialdi hau pasa den larunbatean lehiatu zen Sunbillan

Argazkiak: aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus

 

Aitzol Atutxa eta Eneko Otaño nagusitu ziren larunbatean Sunbillan (Malerreka) jokatu zen Ramon Latasa Memorialaren XIX. edizioan, pandemiarengatik bi urtez antolatu gabe egon ostean. Hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako ahalik eta azkarren moztea zen parte hartzaileek egin beharreko lana, eta garaileek  30:19ko denbora egin zuten. Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ eta Ugaitz Mugerza izan ziren bigarren 31:52rekin, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo hirugarren (34:40) eta Iker Vicente eta Jon Irazu laugarren (35:05).

Aurtengo nobedade gisa, gainera, aizkolari emakumeak ere lehiatu ziren. Irati Astondoa eta Laine Pikabea 10:21eko denborarekin gailendu zitzaizkien Nerea Sorondo eta Uxue Ansorregiri.

Ramon Latasa Elizondo Sunbillako Aguria baserrian sortu zen, 1930eko maiatzaren 23an, familia xume batean. Aita basoko lanean aritzen zen, idi parearekin enborrak ateratzen. Eskola laster utzirik, aitari laguntzen hasi zen. 17 urterekin Iratiko oihanera joan zen lanera. Langile bizkorra zen eta sekulako trebetasuna zuen aizkorarekin.

Melillan, soldadutzan zegoela, harrapatu zuen afrikar sukarretik sendatu orduko, berriz ere oihaneko lanari lotu zen. 25 urterekin, lankideek beroturik, lehenbiziko apustua jokatu eta irabazi zuen Lekunberrin. 1959ko apirilaren 26an, Luxia-ren aurkako apustu mitikoa irabazi zuen, Donostiako zezen-plazan. Zezen-plaza bete zuten, 17.890 pertsona, eta jende asko kanpoan geratu zen, apustu batean inoiz izandako ikusle kopururik handiena izan zelarik. 500.000 pezeta jokatu ziren alde bakoitzetik, ordura arte ikusi gabeko zerbait. Latasak erraz irabazi zuen eta denak aho zabalik utzi zituen egindako erakustaldiagatik.

«Lexoti» bertsolaria apustu honetan oinarritu zen bertso batzuk osatzeko: «Naparra lanian ikusitako zenbaitek esan genduan: «gure Jainkuak len olakorik izan da ote du munduan», orrek egurra ebakitzen du zerra makinan moduan, aundiyak txiki gelditzen dira Ramón Latasa ‘n onduan, odol beroko azkoitiarra orra nola utzi duan».

Urte horretako ekainaren 14an, beste balentria handi bat egin zuen Lekeition: 5 metro eta 15 zentimetroko zirkunferentzia zuen eukalipto enborra 3 ordu eta 17 segundotan ebaki zuen. Orain arte inork ez du horrelako enbor bat moztu, eta errekor hori historiarako geratu da. Handik aurrera, zenbait urtez jaun eta jabe izan zen aizkora probetan.

1963ko urtarrilean, kontrabandoan ari zirela, guardia zibilekin topo egin zuten. Latasa, paketea lurrera botata, ihesi joan zen, baina guardia zibil baten tiroak izterrean jo zuen. Etxera iritsi eta han sendatzen saiatu bazen ere, azkenean medikuarengana joan behar izan zuen. Iruñean operatu zuten, eta urte bat behar izan zuen sendatzeko. Guzti horrek gastu eta diru galera handiak ekarri zizkion.

Polipasoren aurka jokatu zuen ondoko apustua, 1964ko abenduan, eta gipuzkoarra nagusitu zen. Handik aurrera gorabehera handiak izan zituen bere jardueretan. Kontuan hartu behar da mendian oso gogor aritzen zela lanean, eta ez zela beti sasoi betean plazara ailegatzen. Belaunaldi berrietako aizkolari asko harekin ibili ziren ikasten: Miguel Berakoetxea, Patxi Astibia, Arria II.a, Mikel Mindegia… Arria II.a lagun zuela irabazi zuen, hain zuzen ere, lehenbiziko txapela, 1966ko Espainiako binakakoa. 1967an Espainiako banakakoa irabazi zuen, 1968an Espainiako zutikako txapelketa, eta 1974an Espainiako binakakoa Teodoro Irazusta Usategieta-rekin. Hori izan zen haren azken saioa. Azken urteak Elizondoko zahar etxean igaro zituen, gaitzak jota. Han hil zen, 1991ko otsailaren 25ean, 60 urte zituela.

2002tik aurrera, urtero Ramon Latasa saria antolatzen da Sunbillan. Horrez gain, 2007an inauguratutako herriko plaza berriak Ramon Latasa plaza izena du. Bertan aizkolari handi horren eskultura bat dago.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!