Argazkia: axaritrail.eus
2008ko urtarrilean istripu batean hil zen Mikel Garmendiaren omenaldi bezela egiten den proba honen hamargarren edizioa iragan igandean, hilak 10, lehiatu zen Idiazabalen. Mendi lasterketetan, herri kiroletan, eta abarretan ibiltzen zen kirolari honi omenaldi gisa antolatu nahi izan da lasterketa hau, berak hain sarritan entrenatzeko erabiltzen zituen mendietan barna.
Axari Trail-Mikel Garmendia memoriala lasterketa Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren artean dauden Idiazabalgo mendietan barna egiten da. Aurten, guztira 140 parte hartzaile inguru izan ziren ibilbide luzean (25,4 kilometro); ibilbide laburrean (16,4 kilometro), berriz, 230 korrikalari.
Proba motzean, erakustaldia emanda nagusitu zen Anartz Artola hernaniarra. Lesio baten eraginez, sei hilabetez egon da geldirik, eta aurreneko lasterketa zuen. Laugarren kilometroan egin zuen ihes, eta lau minututik gorako aldearekin nagusitu zen, probaren errekorra lortuta (1:11:42). Bigarren Oier Zubeldia izan zen eta hirugarren sailkatu zen Unai Mintegi, etxeko korrikalaria.
Emakumezkoetan, Alpino Uzturre taldeko Irene Iturria bidaniarra izan zen azkarrena, 1.34.48ko denbora egin zuelarik. Bi minutu pasatxoko aldea atera zion bigarren sailkaturiko Ainhoa Intxausti segurarrari eta hirugarren Maider Unanue lazkaotarra izan zen, 1:37:34ko denboran osatu zuelarik ibilbidea.
Proba luzean, berriz, Walter Becerra izan zen garailea (2:09:45). Ander Amonarriz bigarren sailkatu zen eta Josu Urrestarazuk osatu zuen podiuma. Laida Elizegi nagusitu zen emakumezkoetan (2:41:30), Irati Larrañaga izan zen bigarrena eta Oihana Zubillaga hirugarrena.
SAILKAPENAK AXARI TRAIL
Emakumezkoak:
1 Laida Elizegi
2 Irati Larrañaga
3 Oihana Zubillaga
Gizonezkoak:
1 Walther Becerra
2 Ander Amonarriz
3 Josu Urrestarazu
Axari Trail Txiki
Emakumezkoak:
Irene Iturria Alzate
Ainhoa Intxausti
Maider Unanue
Gizonezkoak:
Anartz Artola
Oier Zubeldia
Unai Mintegi
0 Comments