Esti Gastearenak Nafarroako errekorra hautsi du ingude altxatzean

2023.08.28 | Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Herri kirolak

Sunbillarrak marka berria ezarri zuen Herriz Herriz Txapelketan, 25 kiloko ingudeari 63 altxaldi emanda

Argazkia: herrikirolaknafarroa.org (Artxiboa)

 

Pasa den larunbatean jokatu zituzten Nafarroako Herriz Herri Txapelketako finalak,  Antsoaingo Idaki kiroldegiko frontoian. Maila absolutuko txapelei dagokionez, Arantzak irabazi zuen lehen proba konbinatua, eta Igantzik, aldiz, bigarrena. Gazteen kategorian Araxes nagusitu zen.

Jende ugari bildu zen larunbat arratsaldean Antsoainen txapelketako finala ikusteko. 17:00etan puntuan hasi ziren kirolariak jardunean, eta gazteen mailakoak izan ziren lehiatzen lehenak, Berriozarko, Antsoaingo eta Araxesko taldeak aritu zirelarik nor baino nor gehiago. Azkenean, Elizondon eta Burlatan jokatutako puntuak gehituta, Araxesek irabazi zuen lehiaketa, bigarren lekuan Berriozar sailkatu zen eta hirugarrenean Antsoain.

Gazteen lehia bukatuta, maila absolutuko taldeak lehiatu ziren ondoren. Lehenengo proba konbinatuan Arantza, Arraioz, Sunbilla eta Berriozar lehiatu ziren. Txokorretan, zakuarekin lasterka, aizkoran, lasterka eta arpanean aritu behar izan ziren kirolariak. Aranztarrak besteak baino azkarrago hasi ziren, eta aise nagusitu ziren 20.20.04ko denbora eginda. Lehia estuagoa izan zen bigarren eta hirugarren sailkatuen artean, eta azkenerako Arraioz (21.19.82) nagusitu zitzaion Sunbillari (21.29.01). Azken postuan Berriozar gelditu zen, 23.54.11ko denborarekin.

Bigarren proba konbinatuan txinga eramaten eta ingudearekin aritu behar izan ziren kirolariak, Arraioz, Berriozar, Igantzi eta Sunbilla sailkatu zirelarik bigarren probarako.

Txinga eramaten aritu behar izan zuten lehenengo, eta Igantzik irabazi zuen 02:12ko denbora eginda. Arraioz gelditu zen bigarren 02:19ko denborarekin, Berriozar hirugarren 02:23rekin eta Sunbilla 02:49rekin.

Jarraian, ingude altxatze lanetan aritu ziren bigarren konbinatuko bigarren proban. Kasu horretan Sunbilla nagusitu zen 63 altxaldi lortuta, Berriozar gelditu zen bigarren 60 altxaldirekin, Arraioz hirugarren 55 altxaldi eginda eta Igantzi laugarren 54 altxaldi gauzatuta.

Nabarmentzekoa da, proba honetan, Sunbillako taldean ingude altxatzen aritu zen Esti Gastearenak Nafarroako errekorra hautsi zuela 25 kiloko ingudeari 63 altxaldi emanda.

Bi probetako puntuazioa gehituta berdinketa laukoitza izan zuten lau taldeek, denek baitzituzten 5 puntu. Araudia aztertu ondotik, Igantzi izan zen irabazle, Berriozar bigarren, Arraioz hirugarren eta Sunbilla laugarren.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!