Euskal Duatloiaren marka hobetu du Eneko Saralegik

2023.03.7 | Aizkora, EHKM, Errekorrak, Gizonak, Herri kirolak

30:35 izan zen txapeldunaren marka, ia bi minutu ondu zuelarik iaz Ugaitz Mugertzak egindako denbora

Argazkia: Euskal Pentatloia

 

Pasa den igande  eguerdian jokatu zuten II. Euskal Duatloiaren finala, Azpeitiako zezen plazan, non Eneko Saralegi Errazkingo nafarrak jantzi zuen txapela. Finalerako azken txartela lortu zuenak erdietsi zuen beraz II. Euskal Duatloiaren garaipena, izan ere, Eneko Saralegi seigarrena izan zen otsailaren 11n jokatutako kanporaketan.

Aldearekin nagusitu zen gainera, 30 minutu eta 35 segundo behar izan baitzituen Saralegik, iazko hirugarren sailkatuak, 45 ontzako lau enbor etzanda moztu, 4 kilometro korrika egin eta zutik jarritako 45 ontzako beste lau enbor ebakitzeko. Marka horrekin, ia bi minutu ondu zuen nafarrak iaz Ugaitz Mugertzak I. Euskal Pentatloia irabazi zuenean ezarritakoa, eta bi minutu pasatxoko aldea atera zion aurten bigarren sailkatu den Ibai Soroari (32:36).

Hiruko bi txandatan banatuta aritu ziren sei finalistak. Lehen txandan, kanporaketan laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatu zirenak lehiatu ziren; Suharri Rodriguez, Xabier Zaldua eta Eneko Saralegi, alegia. Saralegi lehen aizkora saioan jarri zen buruan, eta aldea handitzen joan zen bukaera arte. Korrika saioan horrenbestean eutsi zion Suharri Rodriguezek, baina zutikako enborretan zuloa ireki zuen txapeldunak. Zaldua, aldiz, atzean gelditu zen, eta seigarren eta azken tokian bukatu zuen finala euskal pentatloiaren aro berrian txapel gehien dituen kirolariak.

Bigarren txandan, berriz, sailkatze saioan hiru denbora onenak egin zituztenak lehiatu ziren: Oier Kañamares, Ibai Soroa eta Arkaitz Jauregi. Hautsi beharreko marka ezagutzearen abantaila zuten hirurek, baina alferrik, Saralegiren emaitzatik urruti ibili baitziren.

II. Euskal Pentatloiaren finalaren emaitzak:

Eneko Saralegi (30:35).

Ibai Soroa (32:36).

Suharri Rodriguez (33:29).

Arkaitz Jauregi (33:46).

Oier Kañamares (35:53).

Xabier Zaldua (36:19).

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!