Euskal Herria Mendi Erronkako errekorrak

2022.06.7 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak, Mendi lasterketak

2019tan ezarritako errelebokako errekorra hautsi dute aurtengo edizioan, Hodei Lujanbio eta Oihana Zubillagak

Bi urteko etenaldiaren ostean, 475 bat lasterkarik parte hartu zuten pasa den maiatzaren 4an Leitzan hasi eta bukatu zen Euskal Herria Mendi Erronkaren VIII. edizioan.

Euskal Herria Mendi Erronka (EHME) kirol ekitaldi hutsaz gain, aldarrikapena ere oinarrian daraman lasterketa da, izan ere, mendi lasterketa eta euskal mendizaletasuna sustatzeaz gain, euskal selekzioen ofizialtasuna, Mendialdea-Aralarko inguruaren garapena (Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Leitzaldea), euskararen sustapena, lurraldetasuna edo ingurugiroaren babesean eragitea ere hasieratik ezarritako “erronkak” bihurtu ziren. Baina bereziki auzolan erraldoia da, 400 boluntariok egindako lanaren emaitza delako.

ESAITekin [Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea] hasi zen proba egiten, mendi lasterketen inguruan ofizialtasuna lortzeko, eta ESAIT desagertu zenean, filosofia horrekin segitzea erabaki zuten. Horregatik urtero euskararen alde, euskal mendizaletasunaren alde… egiten duen norbait omentzen saiatzen dira antolatzaileek.

Aurtengo lasterketa 08:00etan abiatu zen eta hamabost minutu lehenago, 07:45ean, aitzindariak izan ziren andereño euskaldunak (Kontxi Beitia Oiarbide pasaitarra, Izaskun Gastesi Zubeldia gorritiarra eta Kontxi Zabaleta Labaien leitzarra) omendu zituzten, euskarari eta euskal irakaskuntzari oztopoz beteriko garai batean egindako ekarpenagatik.

Lasterketari dagokionez, ohi bezala bi modalitate izan ziren, 67 kilometrokoa banaka egin beharrekoa eta erreleboka (32,8 km + 34,2 km) bi lagunek osatutakoa:

Ultra lasterketa: Lasterketa honek 67 kilometro eta 7.200 metroko desnibel metatua ditu eta Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Leitzaldean barna ibiltzen dira lasterkariak. Hasiera eta helmuga puntuak Leitzan dituzte eta tartean sei kontrol-puntu eta bederatzi anoa-gune pasatzen dituzte. Irumugarrieta da ibilbideko punturik altuena (1.431 m), lasterketako 22.1. kilometroan, hain zuzen.

Errelebo lasterketa: EH Mendi Erronka lasterketaren ibilbide bera du, baina emakumeen parte hartzea sustatzeko asmoz bikoteka erreleboetan egin ahal izaten da, eta bietako batek, gutxienez, emakumea izan behar du. Lehenengo lasterkariak irteera puntutik Putzuzarreko anoa-gunerainoko zatia egiten du (32,8 km). Putzuzarren erreleboa emateno dio bikotekideari eta bigarren horrek Putzuzarretik Leitzako helmugaraino gelditzen den zatia egiten du (34,2 km).

67 kilometroko proba gogorrean, gizonezkoetan, Ugaitz Artola (6 :56:49) izan zen azkarrena, eta berarekin batera, Asier Rajadok (7:02:56) eta Jon Ander Zabaleta (7 :05:37) osatu zuten podiuma.

Emakumezkoetan, berriz, Oihane Perez izan zen irabazlea (8.18.32) eta bere atzetik, Izaskun Sanz (8.28.17) eta Montserrat Vazquez zein Maria Ritcher sailaktu ziren (azken biak elkarrekin helmugaratu ziren, 9.14.20ko denbora eginda).

Erreleboka berriz, Hodei Lujanbio eta Oihana Zubillaga nagusitu ziren (6.50.59), eta Leire Baraibar eta Mikel Etxeberria bigarren gelditu ziren (7.03.07). Lujanbiok eta Zubillagak, 2019. urtean Garazi Artola eta Ibai Madinak ezarritako errekorra (7:10:26) ia hogei minututan ondu zuten gainera.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!