Argazkia: egursport.com
Datorren larunbatean, hilak 17, lehiatuko da arratsaldeko 18:00etan Asteasun Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa, non guztira bederatzi harrijasotzaile arituko diren nor baino nor gehiago txapela janzteko asmoz: Jokin Eizmendi (egungo txapelduna), Urdax Magunazelaia, Iñigo Eizagirre, Jon Unanue Goenatxo III.a, Gorka Etxeberria, Xabier Aranburu Guzta, Aimar Galarraga, Julen Diaz eta Sergio Mielgo. Hamargarren bat ere aritzekoa zen, Aimar Irigoien alegia, baina errezildarra koadrizepseko lesio bat du urriaz geroztik, eta ez da garaiz osatu.
Harri astunenekin aritzeko ohitura dute aipatu parte hartzaileek eta finalean sasoiko harrijasotze lanik mardulenak egingo dituzte, federazioen txapelketei dagokienez, bederen. Harri jasotzaile bakoitzak lau harrirekin egin beharko du saioa. Laukizuzena 175 kilokoa edo 200 kilokoa izango da, zilindrikoa ere 175 kilokoa edo 200 kilokoa, kubikoa 150 kilokoa eta bola 125 kilokoa. Pisu bateko laukizuzena aukeratuz gero, zilindrikoa beste pisukoa izango da. Harri bakoitzarekin hiru minutuko saioa egingo du bakoitzak eta hamabost minutuko atsedena izango du lan batetik bestera.
Jasotako pisuari dagokionean, Irigoienek du markarik onena, 2008an 9.650 kilo jaso baitzituen, 62 jasoalditan banatuta. Orduz geroztik, inork ez du hobetu hori, eta zaila dirudi inork lortzea.
Hala ere, errezildarrak ez du aurtengo txapelketan parte hartuko eta beraz ezingo du bere hamabigarren txapela jantzi, hura baita harri handietan garaipenen errekorra duen harri jasotzailea, Juan Jose Unanue Goenatxo II.arekin batera. Biek ala biek 11 garaipen eskuratu dituzte. Azkoitiarrak —bihar ariko den Goenatxo III.aren aita da— segidan irabazi zituen 1991tik 2001erako txapelketa guztiak. Errezildarrak 2006an jantzi zuen txapela estreinakoz, eta Goenatxoren kopuru bera lortu du 2020ra artean. Iaz ere ez zen aritu.
Irigoienen faltan, Eizmendi da faborito nagusia, izan ere, harri handietako txapela lau aldiz jantzitakoa da zarauztarra. 2014an irabazi zuen estreinakoz; 2015ean, 2018an eta iaz lortu zituen gainontzekoak. Hain justu ere, hura nagusitu da 2006az geroztik Irigoien gailendu ez denean —2011n ez zen jokatu—.
Txapelketako palmaresa:
Juan Jose Unanue “Goenatxo II”, 11: 1991, 1992, 1993, 1994, 1995, 1996, 1997, 1998, 1999, 2000, 2001.
Aimar Irigoien, 11: 2006, 2007, 2008, 2009, 2010, 2012, 2013, 2016, 2017, 2019, 2020
Jose Antonio Gisasola “Zelai”, 6: 1984, 1985, 1986, 1987, 1988, 1989
Joseba Ostolaza “Ostolaza II”, 4: 2002, 2003, 2004, 2005
Jokin Eizmendi, 4: 2014, 2015, 2018, 2021
Jesus Mari Unanue “Goenatxo I”, 2: 1982, 1983
Angel Albizu “Soarte”, 1: 1957
Agustin Ostolaza “Ostolaza I”, 1: 1971
Jose Manuel Agirre “Endañeta”, 1: 1976
Iñaki Perurena, 1: 1981
Mieltxo Saralegi, 1: 1990
0 Comments