Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketako errekorra birrindu du Urrak

2022.08.22 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak, Harri-jasotzea

Zarauztarrak marka guztiak hautsi ditu guztira 14.100 kilo altxatuta, berak 2018an ezarritako aurreko errekorrean baino ia 600 gehiago

Argazkia: eitb.eus

 

Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatuta, 1993tik egiten den Euskal Herriko Harri Txikien txapelketa lehiatu zen pasa den ostegunean Gernikan, non bost partehartzaile aritu ziren nor baino nor gehiago txapela janzteko asmoz: Xabat Olaizola (Zarautz), Mikel Lopetegi Urra (Zarautz), Paulo Aspiazu (Bergara),  Iraitz Arruti (Zarautz) eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz).

Egin beharreko lanak, hiru minutuko txandetan arituta, ahalik eta jasoaldi gehien egitea lau harriekin: 125 kiloko harri laukizuzena eta pisu bereko zilindrikoa, 112,5 kiloko (bederatzi arroa) kubikoa, eta 100 kiloko bola.

Mikel Lopetegi Gereka “Urra”-k (Zarautz, 1997) ikaragarria egin zuen beriro ere, Euskal Herriko Harri Txikien txapelketa bosgarrenez irabazita, eta nola gainera, sekulako erakustaldia emanda eta marka guztiak hautsita.

Bera zen faborito nagusia eta aurreikuspenak bete soilik ez, hobetu egin zituen erabat zarauztarrak, izan ere, 2018an berak ezarritako marka hautsi egin baitzuen, orduko hartan baino ia 600 kilo gehiago altxatuz: 14.100 kilo.

2018ko azaroaren 11an Laukizen jokatu zuten Harri Txikien Euskadiko Txapelketa. Aimar Irigoien errezildarrak irabazia zuen txapelketa azken bederatzi urteetan, baina ezin izan zuen bere hamargarren txapela lortu, Mikel Lopetegi Urra gailendu baitzen. Harri guztien altxaldiak batuta, 116 altxaldi egin zituen Urrak, guztira, 13.512,5 kilo altxatu zituelarik. Aimar Irigoienek 2009an ezarritako marka hobetu zuen beraz, 150 kiloko aldearekin.

2018tik hona Urrak irabazi ditu txapel guztiak. Aurten gainera, egun gutxitan hiru txapelketetan hartu du parte (larunbatean Igeldoko Harrian, astelehenean Mallabiko Harrian eta ostegunean Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketan) baina hala ere bere onena eman eta marka ikaragarria ezarri zuen Gernikako saioan.

2022ko sailkapena:

1 Mikel Lopetegi Urra 14.100 kilo, 121 altxaldi

2 Paulo Aspiazu 11.775 kilo, 102 altxaldi

3 Xabat Olaizola 11.110 kilo, 95 altxaldi

4 Hodei Iruretagoiena 11.050 kilo, 95 altxaldi

5 Iraitz Arruti 9.075 kilo, 78 altxaldi

Euskal Herriko Harri Txikien txapelketaren palmaresa

Aimar Irigoien,  9 garaipen (2007, 2008, 2009, 2010, 2011, 2012, 2013, 2015, 2017)

“Zelai”, 7 garaipen (1993, 1994, 1995, 1996, 1997, 1998, 1999)

“Izeta II”, 4 garaipen (2000, 2002, 2004, 2005)

“Urra”, 5 garaipen (2018, 2019, 2020, 2021,2022)

“Ostolaza II”, 2 garaipen (2003, 2006)

Inhar Urruzuno, 2 garaipen (2014, 2016)

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!