Fase erregular bateko hirukoen errekorra gainditu du Cazoo Baskoniak

2023.05.29 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Saskibaloia

Hiruko marratik 419 jaurtiketa egin ondoren, % 40,7ko emaitza bikainarekin, denbora guztietako markarik onena ezarri dute Joan Peñarroyaren mutilek

Argazkia: baskonia.com

 

Playoffean gertatzen dena gertatzen dela, 2022-2023koa denboraldi historikoa izango da Cazoo Baskoniarentzat, izan ere, errekor ugari erdietsi dituzte aurtengo Ligan. Oraingoan, talde arabarrak txapelketako fase erregular batean saskiratutako hiruko jaurtiketen errekorra sinatu du, 1030 jaurtiketetatik 419 saskiratuta, hau da, % 40,7ko portzentai bikaina.

Horrela, duela bi denboraldi Real Madrilek erregistratutako marka hautsi dute Joan Peñarroyaren gizonek. Orduan, 405 hiruko erdietsi zituen talde zuriak 1038 jaurtiketetan, %39ko portzentaiarekin. 2020-21 denboraldia, liga erregular atipikoa izan zen ordea, 36 jardunaldi jokatu baitziren guztira, egun baino bi jardunaldi gehiago.

1984-85ean hiruko lerroa indarrean sartu zenetik (ACBko bigarren urtea), talde bakar batek ere ez zuen Cazoo Baskoniak saskiratutako 12,3ko hiruko jaurtiketen marka gainditu. 11,2-rekin, Real Madril hurbildu da gehien, 2020-21 eta 2015-16 denboraldietan. Talde gehiagorik ez da hurbildu 400 hirukoetara.

Orain arte, Baskoniaren markarik onena pasa den denboraldikoa zen. 350 hiruko jaurtiketa egin ziren orduan, partidako 10,3, %37a baino gutxiagoko portzentaiarekin. Gaur egungo erregistroetatik urrun.

Taldearen indarra izan da Cazoo Baskoniaren arrakastaren gakoetako bat eta horren ondorioz erabat nagusitu dira Endesa Ligako hirukoen rankingetan Joan Peñarroyaren gizonak. Daulton Hommesek (% 48,9a) eta Markus Howardek (3,2) protagonismo handiagoa hartu badute ere, beste bost jokalarik gainditu dute hirukoen %40ko arrakasta marka. Maik Kotsar izan ezik, gainerako jokalariek hiruko bat lortu dute gutxienez.

Cazoo Baskoniak birritan berdindu du Endesa Ligako partida batean sartutako hiruko jaurtiketen marka. Azaroan, Bàsquet Gironaren aurka eta duela hilabete, Carplus Fuenlabradaren aurka, 19 hiruko erdietsi zituelarik. Tarte horretan, % 43ko portzentaia izatera iritsi zen.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!