Garaile eta galtzailerik gabe bukatu da Australia eta Euskal Herriko aizkolarien arteko desafioa

2022.11.8 | Aizkora, Desafioa, EHKM, Erronkak, Herri kirolak

Glen Gillanek azken kanaerdikoak mozteari uko egin zion nekearen ondorioz, eta bi bikoteak nahastea erabaki zen erakustaldia osatzeko

Argazkia: egursport.com

 

Australiako eta Euskal Herriko aizkolarien arteko desafioa lehiatu zuten Lekunberrin pasa den larunbat arratsaldean, Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan, non Lawrence O’Toole eta Glen Gillan australiarrek, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga euskaldunekin neurtu zituzten indarrak. Egin beharreko lanak, hamalauna enbor ahalik eta azkarren moztea, lau modalitatetan.

Honakoa ez zen izan euskaldunen eta australiarren artean horrelako erronka ematen zen lehen aldia. Izan ere, larunbateko desafioan parte hartu zuen bisitarietako batek, Toolek, Vicente, Atutxa eta Rekondo gainditu zituen 2016an, kanaerdiko bat moztuta.

Azkenean, aizkolarien arteko lehia irabazlerik eta galtzailerik gabe amaitu zen. Australiako bikoteak Euskal Herrikoa gainditu zuen lehen hiru probetan baina indarrik gabe iritsi zen laugarren eta azken proba luzera, eta Gillanek azken kanaerdikoak mozteari uko egin zion nekearen ondorioz, O ‘Toole taldekideak parte hartu ez zuen erabaki polemiko batean.

Hortaz, bi bikoteak nahastea erabaki zen erakustaldia osatu ahal izateko, ordutik aurrera Iker Vicentek O’Toolekin moztu zuelarik eta Mikel Larrañagak Gillanekin.

Gauzak horrela, garailea nor izan zen zehaztea ez da erraza. Batetik, Euskal Herria har daiteke irabazletzat, aurkaria erretiratu zelako. Aitzitik, lehen hiru probei erreparatuz gero (45 hazbeteko sei enbor moztu zituzten), Australiako bikoteak irabazi zuen, Vicentek eta Larrañagak (7:13) baino zortzi segundo gutxiago behar izan baitzituen (7:05).

Bisitariek aldea markatu zuten lehen proban, hemeretzi segundoko errentarekin. Bigarren proban, azkarrena Vicente izan zen (1:03) eta bere taldekide Larrañaga gehien sufritu zuena (1:50). Australiarrek, berriz, antzeko denborak markatu zituzten, minutu eta erdi inguruan. Hirugarren proban, O ‘Toolek Otsagabiakoarekiko bi segundoko aldea lortu zuen,  une erabakigarrira iritsi aurretik. Jarraian, Gillan eta Vicente nagusitu ziren (6:19) O ‘Toole eta Larrañagaren aurka (6:44), ahazteko zaila izango den erronka baten laugarren proban.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!