Gasteizko maratoi erdia abenduaren 18an lehiatuko da

2022.11.22 | EHKM, Errekorrak, Lasterketak

Aspalditik indarrean dauden errekorrak hausteko beste aukera bat izango dute lasterkariek: Ivan Fernandezek 2012an ezarri zuena 1.03.51ko kronoarekin, eta Nieves Zarzak 1999an erdietsitakoa 1.17.45eko denboran helmugaratuta

Argazkia: mediamaratonvitoriagasteiz.com

 

Vitoria-Gasteizko Maratoi Erdia Euskal Herriko maratoi erdirik ezagunena eta zaharrena da, eta, diru-saririk izaten ez den arren, milaka parte-hartzaile biltzen ditu urtero: hirutik bi, Gasteiz eta Araba kanpotik etorriak 21,097 kilometro dituen proba osatzeko asmoz.

Aurtengo 44. edizioa (Arabako zein Euskadiko txapelketa ere izango dena) abenduaren 18an lehiatuko da, goizeko 10:30etatik aurrera, eta dagoeneko 1.500 atleta baino gehiago ditu inskribatuta. Arabako Atletismo Federazioak, proba antolatu duenak, datu horiek eguneratu ditu izena emateko lehen epea amaitu eta egun gutxira. Abenduaren 1etik 16ra bitartean, bigarren epe bat irekiko da, eta inskripzioak zazpi euroko igoera izango du. Bildutako dirua Saharako Kirol Federazioarentzat izango da.

Iazko lasterketaren baldintza berezietan, oraindik COVID protokoloak indarrean zeudela, 2.500 pertsona inguruko parte-hartzea egon zen eta badirudi aurten 3.000 inguru izan daitezkeela, eta horrek Gasteizko maratoi erdiaren arrakasta berretsiko luke. 2014ko edizioan, parte-hartzearen errekorra lortu zen, 4.527 atleta atera baitziren Arabako hiriburuko kaleetara.

Oraingoz mugiezinak direnak ordea, marka historiko gisa jarraitzen duten erregistroak dira. Ivan Fernandezek 2012an ezarri zuen 1.03.51ko kronoarekin, eta Nieves Zarzak 1999an erdietsi zuen errekorra 1.17.45eko denboran helmugaratuta.

Ibilbidea 2021eko berbera izango da. Homologatutako zirkuitua da, laua eta Gasteiz Hiribidetik gehienez sei pasabide dituena. Horri esker, parte-hartzaileen eta ikusleen arteko harremana hurbilagoa izango da. Irteera goizeko 10:30ean izango da Lasarteko Atetik eta helmuga Mendizorrotzako aparkalekuan egongo da.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!