Gorlara igo eta jaitsiz 1963ean ezarritako marka hautsi du Ibai Larreak

2022.05.22 | EHKM, Errekorrak, Erronkak, Errrekor berria, Gizonak, Mendi lasterketak

Hemeretzi urteko antzuolarra Gipuzkoako kros txapelduna da eta maila oneko atleta izanik, bi minutu eta 44 segundo jan zizkion Jose Ignacio Garitanoren errekorrari (34:46), 32:02ko denbora eginda

Argazkia: Antzuola Kirol Elkartea

 

Herriko plazatik Gorlara korrika igo eta jaitsiz Jose Inazio Garitanok 1963an ezarritako errekorra gainditzeko ahalegina antolatu dute igande honetan, maiatzak 22.

Orduko hartan Garitanok 34 minutu eta 46 segundotan osatu zuen ibilbidea eta berak gonbidapena luzatua zien inguruko gazteei erronkan parte hartu eta 59 urteren ondoren marka hori gainditzen saiatzeko.

Duela lau urte, 2018an, antolatu zen berriz proba eta bost lagun lehiatu ziren. Aimar Larrea izan zen irabazlea eta errekorretik bi minutu eta 17 segundora geratu zen, 37:03 denborarekin.

Aurten berriz, bi korrikalari animatu ziren, antzuolarrak biak: mendi lasterketetan eta krosean hain ondo dabilen Ibai Larrea, Aimarren anaia, eta eskarmentu handiagoko Jon Iturbe.

Goizeko hamaika eta erdiak puntuan eman zitzaion hasiera lasterketari. Bideak garbitu zituzten aurreko egunotan inork min har ez zezan eta 2018an baino hobeto zeuden.

Gorlako aterpetxera 20 minutu eta 40 segundotan heldu zen Larrea, gorako zatia osatuz. Ordu laurden baino gutxiago zuen herrigunera itzultzeko, errekorra gainditu nahi izanez gero behintzat eta indarrak ondo neurtuta errekor berria ezarrita zapaldu zuen helmuga, 32:02ko denborarekin.

Hemeretzi urte ditu Larreak, Gipuzkoako kros txapelduna da eta maila oneko atleta izanik, sasoian dagoela erakutsi eta bi minutu eta 44 segundo jan zizkion Garitanoren markari.

Jon Iturbe, berriz, 38 minutu eta 24 segundotan helmugaratu zen. Marka horrekin bigarren sailkatuko zen duela lau urteko ekitaldian.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!