Hainbat errekor hautsi dira aurtengo Behobia-Donostian

2022.11.16 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Lasterketak

Emakumeen parte hartze errekorraz aparte, Alberto Alemanek roller kategorian eta Luis Miguel Marquinak handbike kategorian marka berriak ezarri zituzten pasa den igandeko proban

Argazkia: behobia-sansebastian.com

 

Behobia-Donostia lasterketa entzutetsuaren aurtengo edizioan hautsi diren marken artean, azpimarratzekoa da emakumeen parte hartzearena, izan ere, helmugaratu ziren 24.183 lasterkarietatik  % 28,53a emakumeak izan ziren, 7348 alegia, errekor berria ezarriz.

Guztira, 25.753 korrikalarik hartu zuten irteera, hau da, izena emana zutenen % 13,38k ez zuen azkenean parte hartu. Bestalde, 314 pertsona erretiratu ziren eta ez ziren helmugara iritsi eta 1.243 deskalifikatu egin zituzten.

Lasterketari dagokionez, emakumezkoetan irabazlea Cristina Silva kataluniarra izan zen, 1:11:32 denborarekin. Bigarren Mireia Guarner sailkatu zen 46 segundora eta hirugarren Elena Silvestre, 2 minutu eta 30 segundora.

Gizonezkoetan berriz, Nan Oliveras, kataluniarra ere, nagusitu zen, 1:01:29 denborarekin. Bigarren Jesus Angel Olmos geratu zen 22 segundora  eta hirugarren Artur Bossy 32 segundora.

Alabaina, errekorrak probako bestelako kategorietan etorri ziren:

Roller kategorian, 154 parte hartzaile zeuden izena emanda, iaz baino hogei gehiago (horietatik 112 gizonak eta 42 emakumeak), azkenean irabazleak Alberto Aleman eta Idoia Martinez izan zirelarik.

Alberto Aleman iruindarrak gainera errekor berria ezarri zuen 35 minutu eta 12 segundoko denbora eginda, ordura arte indarrean zegoen marka (Aitor Vacas, 36:27) hautsiz. Oso proba azkarra izan zen, ia azken metroraino lehiatua. Aitor Vacas bera bigarren sailkatu zen 35:15ko denbora bikainarekin eta Nicolas Alonsok osatu zuen podiuma denbora berdinarekin.

Emakumezkoen kategorian, Idoia Martinez de la Fuente gasteiztarrak 40.06ko denboran zeharkatu zuen helmuga, garaipena erdietsiz. Honakoa ez da izan atleta donostiarra podiumera igo den lehen aldia, 2017, 2018 eta 2020an ere egin baitzuen. Nere Karrera izan zen bigarren (40:19) eta Amale Mugica hirugarren (41:24)

Handbikeak kategorian aldiz, Luis Miguel Marquinak bi minututan murriztu zuen probaren errekorra, 33 minutu eta 37 segondoko denbora eginda. Ivan Montero sailkatu zen bigarren (35:50) eta Ion Galarraga hirugarren (40:50). Emakumezkoen lehian, Maria Matilla nagusitu zen (01:26:13) eta atzetik Maria Jose Pose helmugaratu zen (01:29:38).

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!