Hamazazpi urte besterik ez dituela, marka bikaina erdietsi du Saioa San Miguelek

2023.05.1 | Atletismoa, EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

1.16.63ko denbora eginda, 500 metroko senior mailako errekorra hobetu zuen doneztebarrak, orainarte Rebeca Santek zuen 1: 17.67ko marka gaindituta

Argazkia: FNA

 

Pasa den astean, Iruñeko Larrabide estadioan, Larrabideko Asteazkenetako lehen eguneko probak lehiatu ziren. Maiatzaren 17, 24 eta 31n eta ekainaren 7an izango dute jarraipena atletismoari loturiko ekimen hauek.

Gozatzeko arratsaldea izan zen, eguraldiak lagunduta, bero eta haize handirik gabe, eta atleta asko lehian eta jendetza harmailetan, bertan ohikoak ez diren proba batzuk jokatu zirelarik, esaterako: 150 metroak, 300 metroak, 500 metroak, mailu astuna…

500 metroko lasterketan Nafarroako errekorra egin zuen Saioa San Miguelek, hamazazpi urte besterik ez baditu ere, senior mailako marka hobetu zuelarik. 1.16.63ko denbora eginda, orainarte Rebeca Santek  zuen 1: 17.67ko marka gainditu zuen.

Atletismoaren munduan urratsak azkar ematen ari da Saioa San Miguel Zelaieta doneztebarra. Joan den abenduan, Estatu mailako 20 urtez azpiko txapelketan, 800 metroko Nafarroako errekorra egin zuen 18 urtez azpiko kategorian, ordura arte Ana Gayarrek zeukan marka hobetuz. Duela 23 urte egin zuen marka hori (2:20.04) Gayarrek, 1999ko martxoaren 7an hain zuzen ere.

Eta orain, asteazken honetan egindako 500 metroko lasterketan, Nafarroako errekorra egin zuen senior mailan, esan bezala.  Minutu bat, 16 segundo eta 63 zentesima behar izan zituen Pamplona Atletico taldean ari den korrikalariak 500 metroak egiteko. Oraindik hamazazpi urte besterik ez dituela kontuan hartuz, etorkizun handia du atletismoan Saioa San Miguelek.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!