Ibai Larreak otsailean hautsi zuen Antzuolako Zortzi Miliak lasterketako errekorra

2022.03.28 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak, Mendi lasterketak

Ordubete, bi minutu eta 52 segundotan helmugaratuta, 2017an Juanjo Igarzabalek egindako marka hautsi zuen (1:04:38)

Argazkiak: Antzuolako Zortzi Miliak

 

2021ekoa pandemiaren eraginagatik bertan behera utzi ostean, 2022ko otsailaren 20an antolatu zuten Antzuolako 8 Miliak mendi lasterketa.

Antzuolako Zortzi Miliak mendi lasterketa 2013an sortu zenetik bederatzigarren edizioa izan zen honakoa, eta, ohi bezala, 13,83 kilometroko ibilbidea eta 836 metroko desnibel positiboa izan zuen. Herriko Plazan hasi, Irimora igo, Trekutzetik igaro eta hasitako tokian amaitu zelarik. Denetara irteera puntuan zeuden 300 partaidetatik 246 lasterkarik amaitu zuten proba.

Gizonezkoetan, etxeko lasterkari bat izan zen azkarrena, Gipuzkoako kros txapelketa irabaztetik zetorren Ibai Larrea gaztea. Era berean, lasterketako errekorra ondu zuen, ordubete, bi minutu eta 52 segundotan helmugaratuta, 2017an Juanjo Igarzabalek egindako marka hautsiz (1:04:38).

Lehia estua egon zen Irimoko gailurrera arte, izan ere, Ibai Larrea antzuolarra eta Iñigo Alzola arrasatearra elkarrengandik oso gertu egon ziren ordurarte. Irimoko tontorrera aurretik iritsi zen arrasatearra, baina probako bigarren erdian antzuolar gaztea nagusitu zen. Bergarako Beñat Etxabek hirugarren egin zuen, podiuma osatuz. Aipatzekoa da, laugarren postuan bi segundutara honen anaia, Jokin Etxabe sailkatu zela.

Sailkapen orokorra (gizonezkoak)

Ibai Larrea Aranguren (1:02:52)

Iñigo Alzola Gordoa (1:03:45)

Beñat Etxabe Leturia (1:05:56)

Emakumezkoetan berriz, Maite Maiora mendaroarrak ez zuen aurkaririk izan eta lasterketa guztia bakarrik egin ostean, garaipen erosoa lortu zuen Antzuolako plazan, bigarren sailkaturiko Ane Zabala (1:25:41) arrasatearrari sei minutuko aldea aterata. Arrasatearrengandik minutu eskasera iritsi zen hirugarren sailkatua, Irati Larrañaga usurbildarra (1:26:28).

Sailkapen orokorra (emakumezkoak)

Maite maiora Elizondo (1:19:26)

Ane Zabala Bruña (1:25:41)

Irati Larrañaga Matxain (1:26:28)

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!