Argazkia: utzita
Iker Arozena (Hondarribia, 2001), oso gazte, 10 urterekin hasi zen egun jarraitzen duen klubean, BATen (Bidasoa Atletico), atletismo egiten. Hasieran proba konbinatuak egiten zituen, alegia, denetik, baina azken 3 urteotan luzeran espezializatu da eta Euskal Herriko errekorra du.
Egun on! Euskal Herriko errekorra lortu zenuen aurtengo maiatzaren 28an.
Bai, lehenago, Javier San Adrianek 7.77ko markarekin zuena berdindu nuen. Eta gero hilabete beranduago, maiatzaren 28an, gainditu egin nuen, 7,81eko saltoa egin nuelarik. Harrez gero marka hori hobetu ere egin dut, baina ez da balekoa eman, onartua duguna baina haize gehiago zegoen eta.
Nola gogoratzen duzu errekorra lortu zenuen eguna?
Marka hori ez zen niretzat ezustekoa izan. Espero nuen. Nire izaeragatik edo, lehiaketetan, entrenamendutan baino marka askoz hobeak egiten ditut eta. Miting batean izan zen Logroñon. Kirol ikuskizunak izaten dira horiek eta sari ekonomikoak ematen dituzte, emaitzen arabera. Kanpoko atletak ere etortzen dira…baina lehena izan nintzen.
Eta Europako txapelketara joateko gutxieneko markak lortu zenituen.
Bai, baina ez nintzen joan eta ez dakit oraindik zergaitik. Nahiko polemika egon da aurten aukeraketarekin… Izan ere, joateko baldintzak betetzen genituen gutxienez 8 atleta, zerrendatik kanpo geratu ginen. Oso arraroa izan da dena, erizpideak oso berandu atera zituzten, baina tira… ea hurrengoan joaten naizen, bi urtean behin egiten dira eta.
Gainera oraindik gaztea zara eta hurrengorako progresioa izan dezakezu ezta?
Bai, gurean 21etik 26rako tartea dela esango nuke, goia hartzen den adina…eta denbora daukat, ea lesioak errespetatzen nauten…
Ze asmo edo helburu dituzu?
Helburuak urtez urte aldatu egiten dira, eta azken batean nola aurkitzen zaren baitan jartzen dituzu helburuak. Dena den, gustatuko litzaidake Finlandian izango diren Europako txapelketetan egon ahal izatea. Eta uste dut aukera dudala gutxienez 23 urtez azpiko kategorian.
Atletismotik bizitzea ez da erraza. Ze laguntza dituzu?
Bai, atletismotik oso jende gutxi bizi da. Baditut laguntzak klubetik, batez ere, nutrizionistak, fisioak eta abar, eta Kirolgik (uste dut Gipuzkoako Aldundiarena dela erakunde hori) laguntzen nau ere. Oraindik baina ez daukak Basque Team-en laguntzarik.
Ikasketak egiten ere ari naiz, Gasteizen IVEF-en. Aurtengoaz gain beste ikasturte bat falta zait.
Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Gasteizen ikasten dudanez, entrenamendu gehienak Gasteizen egiten ditut. Astean 5 egunetan entrenatzen dut, orain guxi arte bi entrenatzailerekin, baina aurten ia bakarrarekin ari naiz, Gorka Zuazuarekin… abiadura, gimnasio, teknika, saltoak denetik lantzen dut.
Zeintzuk dira bereziki gogoratzen dituzun lorpenak?
Madriden 20 urtez azpiko kategorian lehena izan nintzenekoa, eta absolutuetan hirugarren. Lortutako errekorrak ere izugarrizko poza eman zidan.
Eta momento kritikoak?
Aurten otsailetik azaro bitarten bi lesio txiki, baina jarraian izan ditut, baina batez ere Covid garaian izan nuen dexenteko krisia, ez nengoen motibatua, ez nuen ondo entrenatzen, eta emaitzak ere ez ziren oso onak. Baina tira, gainditu dut eta indaberrituta sentitzen naiz.
Eskerrik asko, Iker. Zorte on.
0 Comments