Iñaki Osa Goikoetxeak erretiroa hartu du

2023.06.22 | EHKM, Errekorrak, Pilota

Bere ibilbide arrakastatsuan, besteak beste, Guiness errekor bat ere hautsi zuen, pilota 313 kilometro orduko abiaduran jaurtita

Argazkia: Jai Alai

 

Datorren urtean amaitutzat emango du Iñaki Osa Goikoetxeak  bere 27 urteko ibilbide arrakastatsua, baina gertutik jarraituko ditu pilotari lotutakoak, Eraman enpresako kirol zuzendaria izango baita.

Euskal pilotaririk onenetakoa izan da Goikoetxea. 7 urterekin hasi zen zesta puntan, eta 16 urterekin profesionala zen dagoeneko. Milanen (Italia) egin zituen lehen pausoak profesional mailan, eta urte erdi beranduago itzuli zen, Newportera (Rhode Island, AEB) bidaiatzeko. New York eta Boston arteko hiri horretan izan zen zenbait urtez, eta Floridan egin zuen 13 urteko egonaldi luzea, azkenean, duela zortzi urte Zumaiara itzuli zen arte, 2015eko urtarrilan.

Palmares izugarria pilatu du urteotan Goikoetxeak, eta sekula izan den pilotaririk onenetakoa dela erakutsi du puntista zumaiarrak. Buruz burukoan hamahiru txapel eskuratu ditu, binakakoan zortzi titulu irabazi –bost Gotzon Enbilekin eta bat Imanol Lopezekin–, kinielen munduko txapelketa bi aldiz irabazi du eta Miamin koroa hirukoitz preziatua bost aldiz lortu du.

Biarritzeko Urrezko Xistera ere badu bere garaipenen artean, eta zenbait Grand Slam txapelketa ere bai, azkena, igaro berri den asteburuan Donostian jokatutakoa. Zenbaezinak dira atlantikoaren bi aldeetan irabazi dituen gainerako torneoak.

Herrian jokatuko duen azken aldia izango da Zumaiako Jai Alai Master Series txapelketa. Ekainaren 24an jokatuko da lehen jardunaldia, larunbatean, eta sailkatuko balitz, 30ean jokatuko luke finala Goikoetxeak etxean. Ondoren, beste hainbat frontoitan jokatuko du: Donibane Lohizunen, Pauen, Gernikan, Biarritzen, Hondarribian, Durangon, Madrilen, eta azkenik, bere ibilbidea bukatuko du Winter Series txapelketa jokatzen.

Kirol lorpenez harago, antzinako kirol honi haize berriak ekarri dizkionetako bat izan da, duela urte batzuk Red Bull etxearekin sinatutako akordioarekin. Besteak beste, Guiness errekor bat ere hautsi zuen, pilota 313 kilometro/orduko abiaduran jaurtita. Horretarako, enpresa austriarraren boterea baliatu zuen, karbonozko saski bat fabrikatuz.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!