Iñigo Llopisek errekorra ezarri du S8 klaseko tximeleta-estiloko 100 metroko proban

2023.08.3 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Igeriketa

Donostiarrak ezin izan zuen dominarik lortu asteazken honetan jokaturiko proban baina 1.05:75eko markarekin Euskal Herriko errekor berria ezarri du, bidenabar Estatu mailako markarik onena ere dena

Argazkia: Basque Team

 

Iñigo Llopis seigarren izan da Manchester Hirian jokatzen ari diren Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketako S8 klaseko tximeleta-estiloko 100 metroko proban. Donostiarrak ezin izan zuen dominarik lortu asteazken honetan jokaturiko proban baina 1.05:75eko markarekin tximeleta-estiloko 100 metroko Euskal Herriko errekor berria ezarri du, bidenabar Estatu mailako markarik onena ere dena.

Proba lehiatua izan zen, eta irabazlea ez zen erabaki azken unera arte. Llopis saiatu zen dominen lehian sartzen, baina ezin izan zuen helburua lortu. Euskal igerilaria zazpigarren izan zen hasiera baten, baina epaileek deskalifikatu egin zuten Michalentzakis greziarra, eta, ondorioz, Iñigo Llopisek seigarren postua bereganatu zuen. Azkenean, Alberto Amodeo (1:02.94) italiarra izan zen txapelduna, Hongliang Wu (1:03.23) txinatarra bigarren eta Noah Jaffe (1:04.77) estatubatuarra hirugarren.

Errekor honen aurretik, Iñigo Llopisek urrezko domina irabazi zuen bizkar-estiloko 100 metroko proban, S8 klasean. Lasterketa ikusgarria egin eta aurretik zituen aurkariak gaindituta garaipena eskuratu zuen, 1:05.32ko denbora eginda.

Gipuzkoarrak lehia ikusgarria izan zuen Kota Kubota japoniarrarekin. Lehen 50 metroen ondoren, japoniarrak segundo bat eta 21 ehuneneko ateratzen zizkion Llopisi, baina gipuzkoarrak bigarren zati ikaragarria egin zuen, epikaz beteta, eta metal preziatuena zintzilikatu zuen. Bigarren Kota Kubota japoniarra izan zen, 1:06.40ko denbora eginda, eta hirugarren, Sam Downie britainiarra, 1:08.36ko denborarekin. Garaipen honi esker, Basque Teameko igerilariak 2024. urtean Parisen egingo diren Joko Paralinpikoetan egoteko txartela lortu zuen.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!