Iñigo Llopisek Europako errekorra egin du igeriketa egokituan

2023.05.15 | EHKM, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Igeriketa

2.23.91ko denborarekin, bizkar erako 200 metroko proban urrea irabazi zuen Berlineko World Seriean eta bidenabar Europako errekorra hautsi zuen donostiarrak, aurreko marka (2.24.38) gaindituta

Argazkia: www.idm-schwimmen.de

 

Iñigo LLopisek igeriketa egokituan urrea irabazi du bizkar erako 200 metroko proban, egunotan lehiatu den Berlineko World Seriean. Gainera, donostiarrak Europako errekorra hautsi zuen, izan ere, 2.24.38koa zen gainditu beharreko marka eta berak 2.23.91ko denbora egin zuen pasa den ostegunean jokaturiko finalean.

Halaber, Nahia Zudaire ere tartean zela, estilo askeko 4x100ekoan ere Estatu mailako errekorra erdietsi zuen (4’10”17) Llopisek, gauza berdina egin zuelarik bizkar erako 50 metrokoan ere, 31.18ko denborarekin.

SAILKAPENA

1 Inigo Llopis Sanz (S8) 1998  2:23.91

2 Karim Gouda Said Hessan (S11) 2004 C.C.ANIENE A.S.D. 2:40.48

3 Samuel Downie (S8) 2006 Great Britain 2:30.83

4 Sam de Visser (S9) 2003 Belgian Paralympic Team  2:26.21

5 Louis Lawlor (S14) 2002 Great Britain 2:18.94

6 Tyson MacDonald (S14) 1996 Swimming Canada 2:19.72

7 Marco Ozaeta Velasco (S8) 2002 2:39.59

8 Pascal Rentsch (S14) 2003 Magdeburg  2:29.32

9 Oliwier Krzyszkowski (S10) 2007 Poland 2:37.14

10 Carl-Frederick Droste (S8) 2005 Düsseldorfer Schwimmclub 1898 2:52.53

Iñigo Llopis kasualitatez iritsi zen igeriketara. Txikitan hainbat kirol egin zituen, hala nola, eskubaloia, saskibaloia eta futbola, eta femurreko lesio bat, azken kirol horretan zebilela, funtsezkoa izan zen igerilekura salto egiteko. S8 kategorian lehiatzen da uretan.

Bere lehen dominak Estatu mailako txapelketetan lortu zituen, eta horrek txinparta piztu zuen diziplina honetan sakontzeko. Horrela eman zituen bere lehen urratsak, Estatuko eta Europako txapelketetan garaipen eta postu onak lortuz.

Bere lehen lorpen handia 2016an erdietsi zuen. Madeiran (Portugal) jokatutako Europako Txapelketan ondo aritu ondoren, Rio 2016rako txartela lortzeko ehunen gutxi falta izan zitzaizkion, baina Errusiari jarritako zigorrak bere lehen Joko Paralinpikoetako atea ireki zion. Rio de Janeiron 100 eta 50 metro libreko probak jokatu zituen, baita 200 metro estilokoak ere.

2018. urtea ere oso ona izan zen Llopisentzat. Igerilariak Europako txapelketa bikaina egin zuen Dublinen (Irlanda), 400 metro libreko proban urrea lortuz. Halaber, bigarren postua lortu zuen 100 metro libre eta estiloetan, baita 4×100 estiloetan ere. Hirugarren izan zen 4×100 libreetan. Urtebete beranduago, Londresen (Ingalaterra) jokatutako txapelketan, brontzezko domina lortu zuen 100 metroko bizkar estiloan.

Hortik aurrera, bilakaera bikaina izan du donostiarrak, eta horren erakusle dira aipatu berri dugun Berlingo txapelketan lorturiko markak.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!