Irailaren 23an egingo da VII. Ondarru-Lekitto lasterketa

2023.07.6 | EHKM, Errekorrak, Lasterketak

Gizonezkoetan 2022an ezarri zuen markarik onena Abdellah Taghrafetek 48:32ko denborarekin, eta emakumezkoetan, berriz, Majida Maayoufek dauka errekorra 57:43ko marka eginda

Argazkia: tximistatletismo.com

 

Atzo, uztailak 5, egin zuten Ondarru-Lekitto VII. Kostaldeko lasterketaren aurkezpena Lekeitioko Tximista Atletismo Taldekoek Mendexako Leagi Campingean,  babesa ematen duten Lea-Artibai eskualdeko udaletako ordezkariekin batera. Izan ere, lasterketak Ondarroa eta Lekeitio izenak daramatzan arren, eskualdeko izaera duen lasterketa bat da.

Irailaren 23an 17:00etan jarri dute hitzordua Ondarroa eta Lekeitio lotzen dituen 16 kilometroko bidea osatzeko: Ondarroako Itsasaurretik abiatuko da lasterketa eta lehen bi kilometroak herriko kaleetatik egingo dituzte, kostaldeko errepidetik Mendexa eta Berriatuko zonaldeak pasako dituzte eta ibilbideko azken kilometro eta erdia Lekeitioko herrigunean egingo dute, Independentzia plazan amaituko da.

Lasterketako  izen-ematea zabalik dago dagoeneko eta  www.herrikrosa.eus webgunearen bitartez egin behar da. 250ko parte hartzaile muga ezarri dute, hortaz, izen ematea irailaren 21era arte zabalik egongo da, aurretik muga hori gainditzen ez bada.

Gaur-gaurkoz parte hartze daturik handiena 2019an izan zuten; 238 partaideekin. Emakumeen kasuan, 40 parte hartzaile izatera heldu dira.  Hori dela eta, antolakuntza taldekoek emakumeei parte hartzeko deia luzatu diete.

Irteera puntuan eta helmugan kontsignak egongo dira, eta autobus zerbitzua eskainiko dute lasterketa baino lehenago Lekeitiotik Ondarroara, baita amaitu ostean ere. Hornidurari dagokionez, bosgarren eta hamargarren kilometroan jarriko dituzte, ura hartu eta edan ahal izateko. Horrez gain, helmugan jan-edana ere banatuko dute.

Gizonezkoetan, 2022an ezarri zuen lasterketako markarik onena Abdellah Taghrafetek 48 minutu eta 32 segundoko denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, Majida Maayoufek dauka errekorra 57 minutu eta 43 segundorekin.

Urtero lez, lehen hiru gizonentzako eta lehen hiru emakumeentzako sariak banatuko dituzte; irabazleentzako txapela, garaikurra eta 250 euro, bigarrenarentzako garaikurra eta 150 euro eta hirugarrenarentzako garaikurra eta 75 euro. Gainera, Lea-Artibai eskualdeko lehen hiru emakumeek eta gizonezkoek ere saria jasoko dute.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!