Argazkia: Real Sociedad Atletismo
Egun gutxiren buruan birritan hautsi du 300 metro hesidunak probako Euskal Herriko errekorra Itsaso Madariaga Huegunek, 16 urtez azpikoen mailan. Pasa den maiatzaren 7an, Anoetako Miniestadioan, arratsaldeko 15:45etan emakumezkoen 300 metro hesidunak proba hasi zen, eta bertan Madariagak 43.17ko denbora egin zuen, berea zen marka 69 ehunenekotan hobetuz. Izan ere, iazko maiatzaren 23an 43.86ko marka ezarria zuen Donostian bertan, Real Sociedad Atletismo taldeko kirolariak.
Horrekin konformatu ez, eta handik gutxira, igande honetan (maiatzak 29) hain zuzen ere, berriro hobetu zuen bere denbora eta errekor berria ezarri zuen: 42.90.
2007. urteko urtarrilaren 24an jaiotako atletak 100 metroko errekorra ere berea du, 16 urtez azpiko kategorian, 2021eko ekainean 12.02ko marka egin baitzuen Donostian.
Hortaz aparte, pentatloian zein hexatloian Euskal Herriko errekorduna da Madariaga. Pentatloian, 3.693 puntu batuta eskuratu zuen errekorra, aurtengo martxoaren 27an Sabadellen. Hexatloian berriz, 3.960 puntuko errekorra ezarri zuen aste gutxira, apirilaren 10ean Durangon.
0 Comments