Jon Mendiak irabazi du XXXV. Ondarbasoko Igoera, marka hautsita

2022.09.4 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak, Txirrindularitza

2016an Jon Agirre txirrindulariak jarritako 11 minutu eta 15 segunduko errekorra segundu batean ondu zuen Mendiak, bidenabar bere erregistrorik onena ere 23 segundutan hobetuz

Argazkia: Nerea Uranga

 

Larunbat arratsaldean jokatu zen XXXV. Ondarbasoko bizikleta Igoera Zestoan, 18:00etan hasita eta herriko txirrindulari elkarteak antolatuta. Hemeretzi txirrindularik zuten izena emanda hiru kilometroko erlojupeko txirrindularitza proban, baina azkenean hemezortzik parte hartu zuten.

Ohi bezala, plazatik abiatu eta Ondarbaso mendira joan behar zuten partaideek. Erlojupeko proba izanik, txirrindulariak banaka atera ziren, bi minutuko aldearekin.

Proba honek badu berezitasun bat: Zestoan jaiotakoek edo bertan bizi direnek soilik parte har dezakete lasterketan. Dena den, garai batean igoeran jende gutxi ateratzen zela eta, inguruko herrietako txirrindulariei –Zumaia, Aizarnazabal, Azpeitia…– proban parte hartzeko aukera eman zieten, eta sasoi hartan parte hartu zuten kirolariei orain ere proban parte hartzen uzten diete. Hala eta guztiz, arauak indarrean egoten jarraitzen du, eta ezin du edonork parte hartu Ondarbasoko Igoeran.

Azkenean, Ondarbasoko helmugan aurrena Jon Mendia izan zen, 11:14ko denboran ibilbidea eginda. Bigarren postuan Julen Uranga sailkatu zen, bi segundo eskasera eta hirugarren Iratz Pou izan zen.

Garaipena eskuratzeaz aparte, 35. Ondarbaso igoeran denbora errekorra hobetu zuen Jon Mendiak, 2016an Jon Agirre txirrindulariak jarritako 11 minutu eta 15 segunduko errekorra segundu bategatik hobetuz (urte horretan Agirrek hirugarren egin zuen 11:36ko denbora eginda). Halaber, bere erregistrorik onena ere 23 segundutan hobetu zuen txirrindulariak.

SAILKAPENA

1- Jon Mendia: 11:14
2- Julen Uranga: 11:16
3- Iratz Pou: 12:04
4- Iñaki Gabarain: 12:28
5-Amets Aranberri: 12:49

Hiru neska izan ziren parte hartzaileen artean, eta Leire Uranga izan zen azkarrena, ibilbidea 18:53ko denboran osatuta. 19 urte ditu Urangak eta aurreneko aldiz irten du Ondarbasoko igoeran.

SAILKAPENA

13- Leire Uranga: 18:53
14- Leire Lopetegi: 19.03
16- Maddi Alberdi: 20:35

Urte luze hauek hainbat datu utzi dizkigu lasterketak, besteak beste, ehun parte-hartzaile baino gehiago izan dituela proba honek, lehenengo garailea Jesusmari Ibargurten ‘Lokatxa’ izan genuela, edizio gehienetan parte hartu duen txirrindularia Juan Karlos ‘Otxaka’ izan dela, 21 urtetan zehar, edota proba gehien irabazi dituen txirrindularia Eneko Aristi dela, 11 urteetan segidan izan baitzen garailea.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!