Julen Gabirondok Euskal Herriko bosgarren sega txapela irabazi du, Bixente Mitxelenaren errekorra berdinduz

2022.07.23 | EHKM, Errekorrak, Gizonak, Herri kirolak

Urnietarrak bere bosgarren txapela jantzi zuen zehazki, 2015ean, 2017an, 2018an eta 2021ean irabazi ondotik eta txapelketako palmaresaren goialdean kokatu da, Bixente Mitxelena oiartzuarrarekin batera

Argazkia: herrikirolak.eus

 

Julen Gabirondok (Urnieta, 1989) joan den igandean Aiako Andatza auzoan ospatu zen Euskal Herriko ohiko sega txapelketa irabazi zuen. Gipuzkoako laugarren txapela jantzi berria, Euskal Herriko bosgarrena eskuratzeko xedea zuen Gabirondok eta faboritoa izanik, ez zuen hutsik egin Euskal Herriko herri kirolen federazioak antolatutako norgehiagokan.

Urnietarrak bere bosgarren txapela jantzi zuen zehazki, 2015ean, 2017an, 2018an eta 2021ean irabazi ondotik. Igandera arte Bixente Mitxelena oiartzuarra zen historian Euskadiko sega txapelketa gehien zituen segalaria, baina Gabirondok errekor hori berdindu zuen.

Ordubeteko saioan 2.092 kilo belar moztu zituen Gabirondok. Bigarren postuan Iban Pardo zestoarra izan zen; 1.967 kilo belar ebaki zituen. Hirugarren Mikel Lizartza tolosarra geratu zen (1.902 kilo). Laugarren eta azken postua Jon Otegirentzat izan zen, 1.770 kilo belar ebaki baitzituen.

Ordubetean belar gehien biltzea, horixe zen Aiako Andatza auzoko Arizterrazuko belardietan lau segalariek zuten egitekoa. Tenperatura altuak egin arren, segalari guztiek lan ederra egin zuten, sailkapena honela geratu zelarik:

1- Julen Garondo (Urnieta) 2092kg belar ebakita.

2- Iban Pardo (Zestoa) 1947k, 20kg-ko penalizazio batekin.

3- Mikel Lizartza (Tolosa) 1902kg.

4- Jon Otegi (Oiartzun) 1770kg, 20kg-ko penalizazio batekin.

Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko irabazleak nabarmen hobetu zuen iaz txapela irabazteko egindako kopurua (1820 kilo), orduko hartan bere osaba Joxe Gabirondoren marka berdindu zuelarik, lau aldiz txapeldun izatea alegia.

Aurtengo garaipen honekin beraz, urnietarra txapelketako palmaresaren goialdean kokatu da, Bixente Mitxelenarekin batera, guztira bost txapel jantzita.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!