Kipchogek maratoiko munduko marka berria ezarri du

2022.09.27 | Atletismoa, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak

37 urteko atleta kenyarrak 30 segundotan hobetu du berak 2018an Berlinen lortutako munduko marka, errekor ikaragarria eskuratuz: 2 ordu, minutu bat eta 9 segundo

Argazkia: RFEA

 

2018an Berlinen maratoiko munduko errekorra hautsi zuenean Kipchogek, errepikaezina zirudien balentria burutu zuen atleta keniarrak. Gero, 2020an pandemia nagusitu zenean, erloju biologikoa ez zen gelditu, eta askok pentsatu zuten agian maisuak bere onena emana zuela dagoeneko.

Denek huts egin zuten ordea, izan ere, Kipchogek, 37 urterekin, ia 38 urterekin, maratoiko munduko marka berria ezarri zuen Berlinen pasa den igandean, irailak 25. Orain, 2 ordu, minutu bat eta 9 segundokoa da errekorra. Berak aurretik zuen munduko marka hobetu du 30 segundotan. Gainera, Kipchogek laugarren aldiz irabazi zuen Berlingo maratoia.

Kipchoge errekorreko erritmoan aritu zen uneoro. 25. kilometrora arte, erbiek lagundu zioten, eta Andamlak Belihu Etiopiako korrikalaria izan zen erritmoari eutsi zion bakarra. Atletek 59:51ko denboran igaro zuten ibilbidearen erdia. Erritmo horri eutsiz gero, bi orduetatik jaitsiko ziren, egungo atleten helbururik handiena.

Azken kilometroak bakarka egin zituen Kipchogek eta helmugan besoak altxatu zituen 2 ordu minutu bat eta 9 segundoko marka eginda. 2018tik, bera zen errekorraren jabe. Orduan Berlinen bertan ezarri zuen 2 ordu minutu bat eta 39 segundoko marka, 30 segundotan hobetu du beraz hiri berdinean.

Bigarren postua Mark Korir kenyarrarentzat izan zen 2:05:58ko markarekin eta hirugarren amaitu zuen Tadu Abate etiopiarrak (2:06:28), podiuma osatuta. Andamlak Belihu etiopiarrak, lasterketaren lehen bi herenetan Kipchogeren erritmoari eutsi ziona, laugarren bukatu zuen.

1984ko azaroan Kenyan jaiotako atletak emaitza bikainak ditu maratoietan; 17 maratoi ofizialetan lehiatu da, eta 15 irabazi ditu; horietatik berezienak, Olinpiar Jokoetako bi urrezko dominak (Rio 2016 eta Tokio 2020an -2021ean korritu zen-).

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!