Koldo Zubimendik Kharut 2 mendi birjina igo du, bide berri batetik

2023.09.5 | EHKM, Erronkak, Markak, Mendia

Erandioztarrak Karakorum mendiguneko (Pakistan) Kharut 2 (6.703 m) mendi birjina igo du, bide berri batetik, estilo erabat alpinoan

Argazkia: KOLDO ZUBIMENDI

 

Koldo Zubimendi erandioztarrak Karakorum mendiguneko (Pakistan) Kharut 2 (6.703 m) mendi birjina igo du, bide berri batetik, estilo erabat alpinoan. Vicente Barcena herrikidea izan du lagun espedizioan. ‘Via Pollos’ izena jarri diote bideari (1200 m/65 gradu/M4), halabeharrez etxean geratu behar izan duen Unai Pollos taldekidearen omenez.

Oraindik geratzen da inor igo gabeko mendirik munduko mendikateetan eta horren adibide bat da Andeetako mendigune ezkutuetan, Karakorumeko eztarri sakonetan, ehunka direla oraindik inor zapaldu gabeko gailurrak. Kharut mendigunea, esaterako, ia 7.000 metroko hainbat gailurrez osatua, ezkutuan ageri da Karakorumeko mapetan, erraldoiez setiatua.

Koldo Zubimendi (Erandio, 1982) duela hamabi urte izan zen Karakorumen lehenbizikoz, Iker Iriondo andoaindarrarekin batera. Broad Peak izan zen orduko hartan bien helburua. K-2 eta Baltoro Mustagh mendiguneari buruzko liburu bat erosi zuten, Jan Kielkowski poloniarrarena, eta ohartu ziren K-2rekin parez pare, 10 bat kilometrora, hiru puntako mendigune bat zegoela, Kharut mendigunea, eta gailur bakarra zegoela igota: Kharut Iparra, hain zuzen. Irakurri zuten beste bietan ere saiakerak izan zirela, Japoniako pare bat espedizio ahaleginduak zirela, Sella Pass lepotik gora ertz bati jarraituz, baina ez zirela gailurrera iritsi.

Hala, duela lau bat urte, Kharut mendigune horretara joateko espedizioa antolatzen hasi ziren. 2020an joatekoak ziren hasieran, baina pandemiak hankaz gora jarri zuen asmoa. Baimenak eta hegaldiak lotuta, aurtengo ekainean abiatu ziren hara Zubimendi bera eta Vicente Barcena (Erandio, 1958). Hirugarren kide bat, Unai Pollos (Bilbo, 1983), haiekin joatekoa zen, baina, hegaldia baino astebete lehenago, estreptokoko bakterioarekin gaixotu, eta joan ezinik geratu zen.

Islamabad, Skardu eta Askole atzean utzi ondoren, Baltoroko trekkingari jarraituz barneratu ziren Karakorumen. Halaxe heldu ziren K-2 zortzimilakoaren kanpaleku nagusira. Bertan lo egin, eta biharamunean goizean goiz abiatu ziren Zubimendi eta Barcena Kharut mendiaren mendebaldeko aurpegirantz. Horma haren mendebaldeko ertzari eman zioten begia, ertzari jarraituz bide berri bat zabaltzeko.

Lehen  aldapa horietan Vicentek ez zuen ondo ikusi bere burua eta igoera bertan behera utzi behar izan zuen, handik aurrera Zubimendik bakarrik aurre egin ziolarik erronkari. Eta azkenean, zailtasunak zailtasun, goraino igotzea lortu zuen. Metro erdi eskasa falta izan zitzaion gailurra zapaltzeko, baina ez zuen aurrera egin nahi izan, tarte hori ere elur txarrarekin eta oso bigunarekin baitzegoen, eta ezin zuen pioletarekin aurrera egin. Halaxe, burua gailurretik metro erdira edo agertu, eta amaitutzat eman zuen bidea, helburua lortuta.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!