Larunbatean lehiatuko da Azpeitian Euskal Pentatloi Sariaren kanporaketa

2023.09.7 | EHKM, Errekorrak, Herri kirolak, Markak

Orain arteko Euskal Pentatloi Sariko kanporaketetako marka onena Arria II.ak ezarri zuen 1983an, egin beharreko lanak 12.07n gauzatuta

Argazkia: egursport

 

2018an txapelketa berrartu zutenetik seigarren edizioa izango da aurtengoa eta Azpeitian jokatuko den kanporaketan guztira hamabi kirolari arituko dira nor baino nor gehiago, horietariko sei onenek irailaren 23an jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dutelarik: Xabat Olaizola zarauztarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Gorka Etxeberria oriotarra, Xabier Zaldua eta Joseba Arakama zumarragarrak, Aritz Irazabal ugaoarra, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarrak, Beñat Amade algortarra, Mikel Agirre ondarroarra eta Julen Kañamares arostegiarra.

Parte hartzaileek honako lanak osatu beharko dituzte: ehun kiloko bolari hamar jasoaldi eman beharko dizkiote; aizkoran, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki; giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin; txingetan, hiru plaza osatu; eta korrika, kilometroa egin. Finalean berriz, aipatu lanen ia bikoitzak gauzatu beharko dituzte parte hartzaileek: ehun kiloko bolari 25 altxaldi eman beharko dizkiote; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki;  50 kiloko txingekin, sei plaza egin; eta korrika, hiru kilometro osatu –zezen plazari 30 buelta–.

Orain arteko Euskal Pentatloi Sariko kanporaketetako marka onena Arria II.ak ezarri zuen 1983an, egin beharreko lanak 12.07n gauzatuta. Ordutik inork ez du denbora hori hobetu. Zaldua izan da denbora horretara gehien hurbildu dena, iaz 12.12 behar izan zituen lanak amaitzeko, eta Izeta VI.ak 12.22ko denbora ezarri zuen urte berean.

Markak

  • Jose Ignazio OrbegozoArria II.a.  12.07 (1983).
  • Xabier Zaldua  12.12 (2022).
  • Joxe Mari Olasagasti  12.14 (1983).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a.  12.22 (2022).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a.  12.29 (2021).
  • Zaldua  12.50 (2020).
  • Joseba Otaegi.  13.09 (2021).
  • Julen Gabirondo.  13.21 (2022).
  • Aitzol Atutxa.  13.22 (2022).
  • Jose Antonio Gisasola Zelai.  13.25 (1983).
  • Ioritz Gisasola Zelai IV.a.  13.27 (2022).

 

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!