Lau euskal atletek osaturiko taldeak 4 x 800 metroko munduko errekorra hautsi du 45 urtetik gorako kategorian

2022.07.18 | Atletismoa, EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak

Sergio Roman, Asier Aranburu, Javier Allende eta Javier Salinas atletek osatutako laukoteak 8:26,22ko denbora egin zuen erlojupekoan, eta aurreko marka, 8:36:35ean zegoena, 10 segundo jaitsi zuen

Argazkia: World Masters Athletics

 

Javier Allende Camoirak (Beste Bira, 1977), Asier Aranburu San Pedrok (Independentea, 1974), Sergio Roman Bermejok (Atletico San Sebastian, 1975) eta Javier Salinas Quintanak (42195.es, 1975) osatutako laukoteak 4×800 metroko (erreleboka) munduko errekorra erdietsi zuen Durangon pasa den uztailaren 9an, eguerdiko 12:25ean, 45 urtetik gorako kategorian.

Euskal korrikalariek 08.26,22ko marka egin zuten eta 10 segundoan hobetu zuten aurretik Australiako talde batek zuen errekorra (08:36,35), partzialak honakoak izan zirelarik: Allende (2:06), Aranburu (2:06), Roman (2:03) eta Salinas (2:11).

Hainbat klubetan parte hartu edo modu independentean lehiatu arren, hautagaiek indarrak batzea erabaki zuten, aurreko marka hausten saiatzeko, eta halaxe osatu zuten taldetxoa, lau euskal beteranoen bataz besteko adina 46,71 urtekoa zelarik.

Munduko marka berria lortzeko, beteranoen taldeak Bizkaiko Atletismo Federazioaren baimena lortu zuen eta marka baliozkoa izan zedin, beste bi talderen partehartzea beharrezkoa zen.  Lehenengoan Andoni Irazusta, Julen Azpiazu, Gorka Piedra eta Antxon Casal gazteak aritu ziren  eta bigarrenean aldiz, Jon Gangoiti, Aitor Gastañaga, Jorge Gutierrez eta Jon Irazusta.

Gogoratu beharra dago,  ekainaren 12an, Anoetan, Rafa Ferrer (1955), Fidel Mujika (1956), Gorka Ruiz Cabestany (1956) eta Cesar Perezek (1957) osatutako laukoteak munduko errekor berri bat ezarri zuela ere: M65, 4×800 metrokoa (10:19.89), lau atleta australiarrek, Gunningham, McLean, Reeves eta Cameron, zeukatena gaindituz (10:44.06).

Dagoeneko ez daude bakarrik World Masters Athleticseko errekorren taulan.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!