Loic Robert eta Oihana Azkorbebeitia gailendu dira Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean

2022.09.27 | EHKM, Mendi lasterketak

Ez zuten 2015ean Aitor Osak (39:54) eta 2019an Ainhoa Sanzek lortutako errekorra (47:54) gainditzerik izan ordea

Argazkia: uhartearakil-beriain.com

 

Primerako eguraldia lagun zutelarik eta Aralar Mendi klubak ezarritako 200 partaideen muga beteta, korrikalariek gogotsu ekin zioten mendi lasterketak dituen 5 km eta 1.023 metroko desnibel positiboa betetzeko asmoari, binaka atera zirelarik 30 segundoko tartearekin.

Ikusle asko gerturatu ziren probaren nondik norakoa bertatik bertara ikustera eta sekulako giroa izan zen ibilbide osoan, azken malda gogorretan bereziki. Eskola paretik (471 m) abiatu zen proba, igandean, 10:00etan, eta Beriain (1.494 m) mendiaren tontorrera iristea zen erronka, azkenean Loic Robert frantziarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra nagusitu zirelarik.

Oihana Azkorbebeitiak bere bigarren Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala lortu zuen (48:58) eta 2018 urtean egindako denbora (48:54) baina lau segundo gehiago egin zituen. Lasterketa irabazteaz gain, emakume beterano onenaren saria jaso zuen. Iaz irabazlea izandako Maria Ordoñez faboritoen artean zegoen, kontutan izanda probaren errekorra (47:54, Ainhoa Sanz, 2019) gainditzear egon zela, baina ezin izan zuen Azkorbebeitiaren aurretik helmugaratu.

Gizonezkoetan berriz, Oloron Sainte Marie-ko korrikalaria ziztu bizian atera zen hasieratik, eta bere atzetik abiatu ziren faboritoak, Beunza eta Macias artean. Azkenean berak egin zuen denborarik onena (40:21). Alkotzeko Mikel Beunzari minutu pasa atera zion (41:53) eta Ander Amonarriz hernaniarrari hiru minutu pasa (43:27). 2015ean Aitor Osak ezarritako errekorra (39:54) gainditzeko 27 segundora geratu zen Robert.

Junior mailari dagokionez, Ibai Angulo azpeitiarrak jaso zuen lehen saria, Eneko Etxaniz elgoibardarraren eta Martin Egizabal elgetarraren aurretik. Emakumezkoetan, junior bakarrak hartu zuen parte, Bidaniako Irene Iturriak.

SAILKAPENAK

Emakumezkoak

1 AZKORBEBEITIA URIZAR, OIHANA 0:48:58  Abadiño
2 ORDOÑEZ MARINA, MARÍA 0:50:18  Iruñea
3 PEREIRO GONZALEZ, INMA 0:53:41 Castanedo
4 GARAY ZARRAGA, ANDREA 0:55:40  Gasteiz
5 LENDINEZ, AINHOA 0:56:37  Elgoibar

Gizonezkoak

1 ROBERT, LOIC 0:40:21  Oloron Sainte Marie
2 BEUNZA IRAIZOZ, MIKEL 0:41:53  Alkotz
3 AMONARRIZ ZUBIONDO, ANDER 0:43:27 Hernani
4 MACIAS CIPRIAIN, IÑIGO 0:43:57  Iruñea
5 SAMANIEGO BOUSO, HODEI 0:44:05  Sestao

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!