Lucia Orbe harrijasotzaileak errekor mundiala erdietsi du

2023.05.23 | EHKM, Emakumeak, Errekor mundialak, Errekorrak, Erronkak, Errrekor berria, Harri-jasotzea, Herri kirolak, Markak

Ehun kiloko bolari 6 altxaldi eman zizkion, bost minutuko txandan, 2008an Urnietako harri-jasotzaile Maria Jose Sardonek ezarria zuen marka bikoiztuz

Argazkia: Abadiñoko Udala

 

San Trokaz jaien barruan, Zelaietako frontoian harri-jasotze erakustaldia egin zen pasa den larunbatean, non Lucia Orbe harri-jasotzaileak (Bilbo, 1989) parte hartu zuen eta 100 kiloko bola altxatuz kirol honen historian merezimendu osoz sartu zen.

Herri kirolen inguruko jaialdia 18:00etan hasi zen, eta sarrera librea izan zen leku guztiak bete arte. Hantxe izan zen Lucia Orbe, Euskal Herriko harri-jasotzaile indartsuenetako bat, 100 kiloko bola altxatzeko saiakera egiten. Eta bilbotarrak ez zuen hutsik egin, harritzar hori altxatzen mundo mailako errekorra ezarri zuelarik, izan ere, orain arte, emakume batek ez zuen inoiz tamaina horretako harririk hainbestetan jaso.

Emakumezkoen aurreko errekorra (hiru jasoaldi bost minututan) bikoiztu zuen, orotara 6 altxaldi burututa. 2008an Urnietako harri-jasotzaile Maria Jose Sardonek ezarria zuen orainarteko markarik onena, Irurako frontoian ehun kiloko bola altxatu baitzuen, bost minutuko txandan hiru jasoaldi egitea lortu zuelarik (epaileek ez zituzten ontzat eman gipuzkoarrak egindako beste bi altxaldi saiakerak).

Normalean emakumeak 63 kiloko harriarekin aritzen dira txapelketetan eta gizonezkoak aritzen dira 100 kilokoarekin harri txikien konpetizioetan, baina Lucia Orbek erakutsi du onenen pare dagoela harrijasotzeari dagokionez.

Gainera, gaur egungo aizkolari gazte onenen erakustaldia ere izan zen Abadiñoko ekitaldian, bi emakume eta bi gizon: Nerea Arruti, Iker Vicente, Karmele Gisasola eta Ioritz Gisasola.

Orbe 1989an Bilbon jaiotako herri kirolaria da, harri-jasotzean eta euskal pentatloian aritzen dena. Getxora joan zen bizitzera eta krossfit lantzen hasi zen. Bertan, Getxo Herri Kirol Taldeko hainbat kide ezagutu eta harri-jasotzeari ekin zion.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!