Maider Redin igerilariarekin elkarrizketa

2022.12.24 | EHKM, Elkarrizketak, Emakumeak, Errekorrak, Igeriketa

Donostiarra marka guztiak apurtzen aritu da azken garaiotan tximeleta estiloan

Argazkia: easo_igeriketa

 

 

Maider Redin Pagaldai (Donostia, 2000), Sabadellen ospatu berri diren Espainiako Txapelketatik etorri berria elkarrizketatu dugu.

Zer moduz Espainiako Txapelketan asteburuan?

Egia esan oso pozik, gainera domina bat, zillarra, lortu nuen 100 metro tximeletan 1.00,00 denborarekin (badut denbora hobeagoa, zehazki, 59.9 koa), baina gustora geratu naiz…
Ostiralean 100 metro estilotan lehiatu nuen, eta zazpigarren egin nuen 1.03,23 denborarekin, eta oso pozik geratu nintzen, ez baita nire espezialitatea. Larunbatean goizez 50 metro bizkar egin nuen eta ondo ere, 28.69ko denborarekin, eta arratsaldean, 50 tximeletan, 27.16ko markarekin laugarren sailkatu nintzen. Azkenik, igandean, 100 metro tximeletan eskuratu nuen domina.

Zuk 50 metro eta 100 metro tximeletan Euskal Herriko errekorrak dituzu, baina horretaz aritu baino lehen kontaiguzu nola hasi zinen honetan.

Txikitan, 8 urterekin igeriketa sinkronizatua egiten hasi nintzen, eta horretan aritu nintzen 15 urte arte edo, gero igeriketan ona nintzela ohartuta, lehiatzen  hasi nintzen. Hasieran bizkar egiten nuen, baina iritsi zen momento bat ez nuela aurrera egiten eta tximeleta probatu nuen eta horretan jarraitzen dut oraindik.

Eta orain Euskal Herriko errekorrak dituzu.

Bai, orain 50 metro tximeletan, Palma Mallorcan, 2021eko azaroaren 27an lortutako errekorra daukat, 26.95ko denborarekin. Eta 100 metrotan 1.00,79rekin aurtengo maiatzean, Canet-en-Rousillonen lortutakoa.

Emaitza hauek lortzeko lan handia egin beharra dago!

Bai, kasik egunero entrenatzen dut. Astean zehar goiz eta arratsaldez, larunbatetan goizean bakarrik eta igandeetan libre baldin eta probarik ez badugu. Ordu eta erdi inguruko entrenamenduak izaten dira, gehienetan igerilekuan, baina gimnasio batera ere joaten naiz, Equilibrium-era.

Ni txikitatik klub berdinean aritu naiz, EASO igeriketa taldean. Eta Paco Yoldin, Anoetan, entrenatzen dugu. Izan ere, hor dago 50 metroko igerileku bakarra. Klubean bi entrenatzaile daude, baina taldeko denbora onenetakoak ditudanez, batzutan entrenatzaile bat, Pepe Alonso, nirekin bakarrik egoten da.

Horrez gain, orain arte kasu gehiegirik egiten ez nion elikaduraren gaiari heldu diot, eta nutrizionista batekin hasi naiz, Jesus Apellanizekin.

Eta ze laguntza dituzu?

Nire babesle nagusia familia da, baina badut ere Kirolgiren laguntza bat.

Bestalde, orain ez dut lanik egiten, Komunikazioa ikasi nuen Deuston eta Dokumentazio digitalaren masterra egiten ari naiz.

Ze asmo dituzu aurrerantzean?

Ez zait gehiegi gustatzen horretaz aritzea baina, tira, laster, Neguko Opena izango da, apirilean zehazki, lekua finkatu gabe dagoen arren, eta han emaitza onak ateratzen saiatuko naiz, hango denborak izaten baitira hautatua izateko eta nazioartean lehiatzeko ateak zabaltzen dituztenak.

Eskerrik asko, Maider.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!