Mantxako kanala igerian zeharkatu du Eduardo Porset algortarrak

2022.09.6 | EHKM, Erronkak, Gizonak, Igeriketa

Ingalaterra eta Frantziaren arteko 35 kilometroko itsas zabaleko tartea zeharkatzeko ametsa betetzea lortu zuen, 10 ordu eta 44 minutuko denboran

Argazkia: @eduardoporset

 

Eduardo Porset Llantada 59 urteko igerilari algortarrak igerian zeharkatu zuen Mantxako kanala 10 ordu eta 44 minutuko denboran.

Zeharkaldia pasa den abuztuaren 25ean egin zen, eta 43 kilometro iraun zuen, egun horretan izandako korronteak zirela eta. Baldintza normaletan, ibilbidea lerro zuzenean egin daiteke 35 kilometrotan.

Porset Dover (Ingalaterra) ondoko labar batetik irten zen eta Cap Gris Nez foroaren azpira iritsi zen, Frantziako lurraldean. Proba gogorra izan zen, bi une zailekin, 19. kilometrotik 25. kilometroraino, kontrako korronteen ondorioz, eta 35. kilometrotik aurrera, nekearen ondorioz.

Iaz ere erronka hori egiten saiatu zen, baina itsasoaren baldintza txarrek lehorrean geratzera behartu zuten. Aurten, itsasoaren baldintzak ere ez ziren onenak izan baina urteko azken aukera izango zela jakinda, uretara botatzea erabaki zuen Ur Irekiak Galea Taldeko kideak, Dover eta Callais arteko tartea egin zuelarik.

Lerro zuzenean 35 kilometro daude Ingalaterra eta Frantziaren arteko tarterik laburrenean, hala ere, Porsetek 43 kilometro egin zituen guztira. Mareen korrontearen ondorioz “S” baten modukoa egiten da zeharkaldian; hasieran, marea igotzen ari denez, ekialderantz eramaten zaitu, baina jeisten hasten denean, norabidea aldatzen du eta mendebalderantz bultzatzen zaitu.

Hain distantzia luzea osatzea oso gogorra izanda ere, algortako igerilariaren kezka nagusia hotza zen, izan ere, kanaleko ura 17-18 gradu zentigradutan dago abuztuan, eta gainera, antolatzaileek zeharkaldia bainujantzian egitera behartzen dute, baldintzetako bat da parte hartu ahal izateko.

Horretaz gain, ezustekorik ez gertatzeko Porsetek itsasontzi baten laguntza izan zuen une oro, Mantxako kanala trafiko handiko itsas-tartea baita. Horretatik ura eta jatekoa eman ahal zioten, baina proba behar bezala betetzeko, algortarrak ezin zuen hori ukitu.

Honen aurretik, itsaso zabaleko beste proba batzuk eginak zituen Porsetek, tartean, 27 kilometroko Manhattaneko itzulia, baina hain distantzia luzea egiten duen lehen aldia izan da honakoa. Izan ere, Channel Swimming Association-ek antolatzen duen probaren azken kilometroak oso gogorrak egin zitzaizkion, 10 kilometro falta zirenean leher eginda zegoela aitortu zuelarik, baina hala ere, Ingalaterra eta Frantziaren arteko 35 kilometroko itsas zabaleko tartea zeharkatzeko ametsa betetzea lortu zuen.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!