Maria Jose Gil atletak, 81 urterekin, 400 metroko errekorra ondu du

2022.04.20 | Atletismoa, EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

Azken garaiotan Euskal Herriko hiru errekor berri ezarri ditu arrasatearrak 80 urtez gorakoen kategorian: urtarrilaren 8an 400 metrotan (2.01.15), eta iazko ekainean zein uztailean, 1.500 metrotan (8.16.71) eta 800 metrotan (4.12.34), hurrenez hurren

Argazkia: Durango Kirol taldea

 

Pasa den urtarrilaren 8an, Maria Jose Gilek bere kategoriako (80F) errekorra hautsi zuen Donostian lehiatu zen Euskadiko Masters txapelketan, 400 metroak 2 minutu eta segundu batean (2.01.15) egitea lortu zuelarik, Durango Kirol Taldeko elastikoarekin.

1940. urteko abenduaren 12an jaiotako arrasatearrak 80 urtez gorakoen Euskal Herriko beste bi errekor ondu zituen iaz, 800 metrotan eta 1500 metrotan:

-2021eko ekainaren 19an, 1.500 metrotan ezarri zuen errekor berria Gilek Malagan, 8.16.71ko denbora eginda.

-Uztailaren 3an berriz, lehenengo master mailako kluben estatu mailako txapelketa izan zen La Nucian eta bertan Marijose Gilek 4.12.34ko marka jarri zuen 800 metrotan.

Arrasatearra berandu hasi zen atletismoan. Egun pistan lehiatzen bada ere, krosak maite izan ditu beti. 57 urterekin egin zuen lehengo maratoia, Donostian. 1993a zen eta Munduko Kopa antolatu zuten Gipuzkoako hiriburuan. Bada, arrasatearrak urrea jantzi zuen bere kategorian, nahiz eta marka onena hurrengo urtean egin zuen, 58 urterekin 3 ordu eta 30 minututan geratu zuen erlojua.

Ibilbide horretan, baina, zenbait traba gainditu behar izan ditu. Koronabirusa pasa zuen, albo kalteren bat utzi diona, buruko-mina tarteka, jateko gogo eza…

2007an eskuin hankan izan zuen tumorea eta handik bost urtera, 2012an bularreko minbizia ere pairatu zuen. 2012an, bularreko minbizitik errekuperatzen ari zela korrika egiten jarraitu bai, baina lehiatzeari utziko ziola jakinarazi zion Arrasateko Atletiko taldeari baina ez zioten halakorik egiten utzi, eta konturatu orduko, Durangoko beteranoen taldean zegoen.

Orain, 81 urterekin sasoi betean dago, ia egunero entrenatzen du eta korrika egiten jarraitzeko gogoz dago, beraz ziurrenik arestian aipaturiko hiru errekor hauek ez dira hautsiko dituen azkenak izango.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!