Marka berria ezarri du Karmele Gisasolak ‘Etxepazter’ harriarekin

2023.08.21 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Harri-jasotzea, Herri kirolak, Markak

Urumea ibaitik ateratako harri ergobitarrarekin 40 altxaldi egin ditu mallabiarrak, Ainitze Zumetak baino lau gehiago

Argazkia: kronika.eus

 

Auzoko jaien inguruan, txapelketak eta erronkak antolatzen dira urtero Ergobin eta horren karira duela bederatzi urte gizonezkoen harrijasotze txapelketa antolatzen hasi ziren,  emakumezkoetan aurten izan delarik bigarren urtea.

Jai Batzordeko kide bati bururatu zitzaion harri baldar batekin txapelketa antolatzea, eta horretarako harriak Ereñotzu aldean bilatu ziren, Urumea ibaiaren ondoan. Nesken harriari dagokionez, hasieran harri bat atera zuten, baina txiki xamarra iruditu zitzaien, 55 kilokoa, eta gero bigarrengo bat atera zuten, zerbait haundiagoa eta 60 kilo ingurukoa.

Urtean zehar ongi gordetzen dituzte harriak auzoan, kaxa batean gordeta. Harrijasotzaileak lehendabiziko aldiz partehartzen badu, uzten diote aurretik probatzen, eta hori izan da Julia Martinezen kasua aurtengo lehian. Segoviarrarekin batera, Ainitze Zumeta, Karmele Gisasola Zelai, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa aritu ziren nor baino nor gehiago, 10 minutuko saio bakarrean.

Azkenean, Karmele Gisasola ‘Zelai III’ mallabiarra izan da txapeldun aurten, 40 altxaldirekin. Ainitze Zumetak, iazko txapeldunak, 36 altxaldi lortu ditu, tiroi batek jota bukatu arren. Lierni Osa izan da hirugarren, 31 altxaldirekin. Maddi Gesalagak 23 altxaldi lortu ditu, eta Segoviatik etorritako Julia Martinezek 15 altxaldi.

Ainitze Zumeta zarauztarrak irabazi zuen pasa den urtean Etxepazter Harri Txapelketa. Lierni Osarekin berdinduta amaitu zuen, 32 edo 34 altxaldirekin, baina pisuarengatik irabazi zuen, izan ere, altxaldi berdinetan pisu gutxiago duenak irabazten du Ergobin.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!