Marka propioa ezarri du Mikel Lopetegi Urrak

2022.08.1 | EHKM, Errekorrak, Erronkak, Errrekor berria, Gizonak, Harri-jasotzea, Herri kirolak

125 kiloko zilindroari 42 jasoaldi egin zizkion hiru minutuan, hartara zazpi altxalditan hobetu zuelarik aurreko erregistrorik onena

Argazkia: egursport.com

 

Harri txikietan parekorik ez du Mikel Lopetegi Urra-k (Zarautz, 1996). Azken lau urteetan berak irabazi du Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa, eta Euskal Herriko lehia ere laugarren aldiz jarraian irabazi zuen iazko abenduan. Pasa den uztailaren 13an, onena den horretan mugarri berri bat ezartzen ahalegindu zen harri-jasotzaile zarauztarra, bere herriko Lege Zaharren enparantzan.

Aurretik halako marka saiakerak egindakoa zen Urra, izan ere, hiru minututan 100 kiloko zilindro zaharrarekin ahalik eta altxaldi gehien ematen ahalegindu zen duela lau urte, Aiako probalekuan, 43 jasoaldi egin zituelarik orduko hartan.

Oraingoan, zilindro berriari egin zizkion altxaldiak Urrak. Zaharra zilindro-zilindroa da eta harri txikien kategorian sartzen da. Heldulekuak badauzka, baina eskuzuloen bolumenak litro eta erdi neurtu dezake gehienez ere. Hori baino bolumen handiagoko zulodun harriak ez dira zilindro zahar kontsideratzen. Teknika aldetik zailagoa da zaharra altxatzen. Berriari kopa esaten zaio, eta harekin grabitate zentroa aldatu daiteke norberaren gorputzaren arabera.

Bere entrenatzaileak, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a, aholkatuta animatu zen Urra erronkari aurre egitera, izan ere, sasoi betean dago zarautarra eta une egokia zen horretarako.

Ez zen lan makala Lopetegik aurretik zuena baina ez zuen hutsik egin eta aise gainditu zuen errekorra. Berea zen ere aurretik zegoen marka, martxoan Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan egindakoa. Baina txapelketan hiru harri erabiltzen dira, orain arte inor ez zelarik ahalegindu harri zehatz horrekin hiru minutuan ahalik eta altxaldi gehien egiten.

Guztira 42 jasoaldi eman zizkion Urrak hiru minutuan 125 kiloko zilindro berriari, dozenaka ikusleren aurrean. Bere marka propioa ondu zuen beraz zarauztarrak, zazpi altxalditan hobetuz. Esan bezala, Urrak berak ezarri zuen orain arteko markarik onena joan den maiatzaren 22an, Gipuzkoako Harri Txikien txapelketan zilindroari 37 altxaldi eman ostean.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!